Eskualdeko ekonomiaz solasaldia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 15a

Herritarrek bertako ekonomia ezagutu eta horren inguruan gogoeta egiteko, 'Ekonomia Gurean' saioa antolatu du TOKIKOM-ek Aiurri, Kronika, Noaua! eta Txintxarrirekin elkarlanean. Andoaingo Basteron izango da abenduaren 20an 10:30ean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, TOKIKOM-ek eskualdeko herri komunikabideekin elkarlanean 'Ekonomia gurean' saioa egingo du datorren asteartean, abenduak 20, Andoaingo Basteron 10:30ean.

Bertan Beterri-Buruntzako errealitatearen protagonista diren herritarrekin bertako ekonomiaz hitz egingo da, eta etorkizuneko desafioei begira jartzea da ere asmoa. Horretarako, Urko Aristik gidaturiko hizketaldian hizlari izango dira tokiko garapena eta ekonomian aditua den Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutoko ordezkari bat eta Beterri-Buruntzako ekonomia gertutik ezagutzen duten bi gonbidatu. Mendi Group enpresako kide bat eta sagardo ekoizleen mundua gertutik ezagutzen duen beste bat.

Hitzaldi formatua izango du 'Ekonomia Gurean' saioak baina ikus-entzunezkoen bidez ere zabalduko da. Gaian interesa duten herritarrek aukera dute bertaratzeko izan ere, saio irekia izango da aforo bat mantedu beharko bada ere. Horregatik asistentzia honako formularioa beteta baieztatu beharko da.