Kirol Elkarteek eta herritarrek elkarrekin parte hartutako prozesu baten ondorioz, hiru Lasarte-Oriatarrek jaso dute kirol merituen aitortza, gaur goizean Udaleko pleno aretoan egin den ekitaldian. Aizpea Arroyo gimnastak, Jon Ander Puertas errugbi jokalariak eta Txema Indias Leganes futbol taldeko kirol zuzendariak jaso dituzte oroigarriak. Goizeko 11:00etan eman zaio hasiera ekitaldiari. Horretarako, Jesus Zaballos alkateak herriko kirolariei zuzendutako hitzak entzun ostean, sarien banaketari ekin dio.
Aizpea Arroyo izan da lehen omendua; 2016ko emakumezko kirolari onenaren saria jaso du. Bere kirol ibilbideari errepaso labur bat egin ostean jaso du oroigarria. Emozio une ugari izan dira; malkoei ezin eutsi, esker hitzak izan ditu ginmastak bozka eman dioten herritarrekin, senitartekoekin eta nola ez, bere kirol ibilbidean, ondoan izan dituen entrenatzaileak ere gogoan izan ditu.
Jon Ander Puertasen txanda izan da gero. Honek aldiz, gizonezko onenaren saria eskuratu du. Kirolariak ezin izan du gaurko ekitaldian izan, baina Jesus Zaballos alkatearen hitzak entzun ostean, Oihane Puertas arrebak jaso du oroigarria, eta honek ere, anaiaren izenean, esker hitzak izan ditu.
Txema Indias izan da hirugarren eta azken omendua; kirol ibilbidearengatik saritua izan da herritarra. Leganes futbol taldean ari da kirol zuzendari lanetan eta herriak gaur egindako omenaldiarekin oso pozik agertu da. Alkatearen eskutik oroigarria jaso eta gero, berak ere opari bat egin dio Udalari; Leganes futbol taldeko kamiseta eman dio Jesus Zaballos alkateari.
Ekitaldiarekin amaitzeko, talde osoaren argazki bat atera dute hiru kirolariek, udal ordezkariekin batera.