LOKEko judokak lehian azaroan zehar

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 25a

Zeresana ematen ari dira kategoria desberdinetan lehian ari diren LOKEko judokak azaroan zehar. Josu Olmos seniorra, esaterako, Gipuzkoako txapelketako azpitxapeldun izan da Eibarren, eta bertan jokatutako jiu-jitsu lehiaketa ere irabazi du. Juniorrak berriz, Espainiako superkopan aritu dira.

Hilabete esanguratsua izaten ari da azaroa LOKEko judokentzat. Eta, bereziki, batentzat: Josu Olmos seniorrarentzat. Bikain ekin zion hilabeteari, aurreneko asteburuan (5ean, zehazki) Eibarren jokatutako jiu-jitsu txapelketa irabazita, 62 kilo azpikoen kategorian. Dena den, orduko hori ez zen izan Olmosek podiuma zapaldu zuen aldi bakarra, hurrengo egunean azpitxapeldun izan baitzen senior mailako Gipuzkoako txapelketan. Zilarrezko domina kolkoratzeaz gain, Euskadikorako sailkatzea lortu zuen herritarrak. LOKE taldeko Haritz Urdangarin ere aritu zen txapelketa horretan, maila oso ona emanez eta bosgarren postua eskuratuz.

Bestalde, junior kategoriako lau judoka Amurrion jokatutako Espainiako superkopan aritu ziren borrokan tatami gainean: Fermin Balda, Eneko Eizagirre, Haritz Urdangarin eta Mikel Lasa. Azpimarratzekoak dira Baldak brontzeagatiko borrokaldia galdu zuela eta Eizagirrek zazpigarren postua erdietsi zuela. 

Lehian murgilduta
Datozen egun eta asteetan beste hainbat hitzordu dituzte LOKEko judokek egutegian gorri kolorez markatuta. Bihar gerriko beltza eskuratzeko azterketak egingo dituzte hainbatek, Tolosan. Abenduaren 10ean, berriz, senior mailakoek Kopa jokatuko dute Valladoliden, eta, kadeteek, Iruñean. Urtea amaitu aurretik, senior mailako judokek Euskadiko txapelketan parte hartuko dute. Abenduaren 17an izango da hitzordua.