Maiatzaren 7an herri galdeketa Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 26a

Geroz eta gertuago du Lasarte-Oriak herri galdeketa egiteko eguna. Gure Esku Dago dinamikak eguerdian eman du jakitera data, Okendon egindako ekitaldian

Maiatzaren zazpia egun handia izango da Lasarte-Oriatarrentzat; erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketa eguna.
Lasarte-Oriako Gure Esku Dago taldeak gaur eguerdian jakinarazi du galdeketarako data zehatza, Okendo plazan egindako ekitaldian. Eguerdiko hamabietarako herritar ugari bildu dira plazan jarritako postuetan. Gaztetxoenak, oihala apaintzeko eskulanetan aritu dira, eta helduak berriz, mokadutxoa jateko aukera ederra izan dute.
Hamabi eta erdiak pasatxo agertu dira hiru patinatzaileak. Galdeketaren hilabetea iragarri duen tela eskuan zutela sartu dira Okendon eta minutu gutxietara, hilabete horretako eguna zehaztu duen oihal zatia zekarkiten hiru txirrindulari agertu dira plazan.
Behin data jakinda, oihala josi, apaindu eta plazako agertokian zintzilikatu dute eta ekitaldiari amaiera emateko, hitz batzuk irakurri ostean, plazan bildutako herritarrak oholtza gainera igo eta talde-argazkia atera dute.