Idazketa, barne hustuketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 16a

Irakurle Txokoak ikasturteko bigarren saioa burutu zuen atzo arratsaldean Ttakunenean. 'X hil da' liburua landu zuten eta liburuak aurkezten dituen gogoeten nondik norakoetan gehiago murgiltzeko laguntza berezia izan zuten, Alaine Agirre idazlearena.

Euskal Literaturako lanak aztertzeko gunea dugu Irakurle Txokoa. Uxue Alberdiren eskutik, euskal autoreak eta itzulpenak, etab. aztertzen dituzte. Bi hilabetean behin idazlearen bisita ere izaten dute.

Aste honetan, esate baterako, Alaine Agirre idazle izan da saioan.

Irakurle Txokoko kideek 'X hil da' lana irakurri behar zuten. Maitale bat galdu ostean, protagonistak zehatz mehatz bere gogoetak paperera eramaten ditu. Gai ezberdinak nahasten ditu bertan.

Era honetara, saioa hasterakoan, txokoko kideek haien iritzia eskaini eta testuari buruzko hausnarketa txikia egin zuten Uxueren laguntzaz.

Alaineren eskutik, aldiz, beste hainbat punturen berri izan zuten.

Hala nola, idazketa prozesuari buruz hitz egin zuen Alainek, “era konpultsiboan idazten dut. Nire burua lasaitzeko modu bat da”.

Era berean, bizitzak bere idazkietan eta idatzitakoak bere bizitzan duen isla ere aipatu zuen, “errealitate eta fikzioa nahasten ditut. Idazten amaitu eta ez dakit zer izan den benetan gertatutako, zer asmatu dudan edo zer den amestutakoa”.

Ipuinak

Hurrengo hitzorduan Harkaitz Cano herritarraren  ‘Beti oporretan’ lana izango da mintzagai.

Udarekin lotutako 14 ipuin bildu ditu idazleak bere lanean. Istorio ezberdinak aurkezten dira, baina ura edo naturaren presentzia handia da.

Saioa abenduaren 20an, asteartea, Ttakunenean 18:00etatik aurrera.

Irakurle Txokoko kideek herritarrak gonbidatzen dituzte honetan parte hartzera.