Felix Garitano: "Erlijioak eta zientziak osagarriak izan behar dute"

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 17a, 12:00

'Sinestuna naiz...sinesgabea...' hitzaldi interesgarria eskaini zuen atzo arratsaldean Ama Brigitarren kapilau Felix Garitanok, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Herritar ugari gerturatu ziren solasaldia entzutera.

Gogoeta ugari plazaratu zituen atzo arratsaldean Ama Brigitarren kapilau Felix Garitanok. Zientzia eta erlijioaren funtzioez aritu zen, besteak beste. Horren ildotik, azpimarratu zuen "osagarriak" izan behar dutela zientziak eta erlijioak: "Garai batean erlijioaren bitartez azaltzen ziren hainbat fenomeno erraz asko esplikatzen ditu zientziak orain, baina galdera guztiak erantzutera ez da iristen: zientziak azalduko dizu nola gertatzen diren gauzak, baina ez zergatia". Horri lotuta, honakoa gehitu zuen: "Ezin uka daiteke eliza luzaroan oztopo izan dela zientziak burutu nahi izan dituen hainbat ikerketatan".

Euskal Herriaren egoeraz ere mintzatu zen Garitano. Luis Gonzalez Carvajal teologoaren gogoeta bat partekatu zuen entzuleekin: "Euskal gizarteak malkorik isuri gabe utzi al du jainkoa bazter batean, gizartean sinesmen hori sekula presente egon ez balitz bezala?". Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiaren hitz batzuk ere ekarri zituen kultur etxeko hitzaldi aretora: "Nazio batek bazterrean uzten badu bere herentzia kultural eta erlijiosoa, krimen bat egiten ari da". Era berean, 'laizitate positiboa' kontzeptuaz ere hitz egin zuen: "Estatu batek akonfesionala ez, laikoa izan behar du, baina laizitate positiboa eta negatiboa dago".

Ateismoa eta agnostizismoa

"Aldatu egin da 'Europa Zaharrak' erlijioarekiko daukan jokaera", zehaztu zuen kapilauak. Agnostizismoa eta indiferentismoa hazi egin direla aipatu zuen: "Askok esaten dizute gaur egun, ateoak baino, agnostikoak direla. Ateoek planteatu egin dute jainkoaren auzia, eta erabaki dute ez dutela harengan sinesten; agnostikoek, aldiz, ez dute auzi hori planteatu ere egiten, ez zaie interesatzen eta paso egiten dute".

Kristianismoari buruz ere hausnartu zuen Garitanok. Sustraiak "ahaztu" egin dituela eta "doktrina, dogma" bihurtu dela aipatu zuen. Horrekiko indiferentzia asko hazi dela zehaztu zuen, eta datu kurioso batzuk ere eman zituen. Adibidez, urtean 1.600 erlijio inguru sortzen direla mundu osoan.

Kultur etxera bertaratu ziren herritarrek adi entzun zituzten Garitanok eurekin partekatu zituen gogoeta, datu eta autoreen aipuak. Andatzazpi Pastoral Barrutiak antolatutako ekitaldia izan zen, Lasarte-Oriako Udalaren eta Danok Kide elkartearen laguntzarekin.