Durangoko Azokara begira, abenduaren 2tik 6ra egingo da, asko dira disko edota liburua estreinatzen duten euskal sortzaileak.
Herriko Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 'Tipi-Tapa Korrika!' izeneko disko-liburu bikoitza aurkeztu dute. Korrika da pailazoen lan eta ikuskizun berriaren oinarri.
Korrika, bere 20.urteurrenean gai nagusi aukeratzeko arrazoien artean, hiru nabarmendu dituzte pailazoek.
Batetik, Marimotots Extremaduratik etorritako familia batean jaio zen eta erdal giroan hazi bazen ere, euskaraz ikasi zuen AEKn; Porrotx familia euskaldun batekoa bada ere, ingurua eta lagunartea eta erdalduna zituen, eta AEKn alfabetatu zen; eta azkenik, Pirritxek duela sei urteko Korrika amaiera izan du gogoan, eta orduko hartan lekukoa eramanez jasota eta bizitako guztia sentiarazi nahi dute herriz herri.
Urbietaren omenez
'Haizearen herrira' da bigarren diskoa. Honetan Imanol Urbietaren abesti batzuk jaso dituzte.
Urbieta eredu izan zutela adierazi zuten pailazoek aurkezpenean, izan ere duela 25 urte argitara eman zuten lehenengo diskoan haren abesti batzuk jaso zituzten. Berriki zendutako musikagile zarauztarraren inoiz argitaratu gabeko abesti batzuk grabatu dituzte pailazoek baita betiko beste batzuen bertsioak ere.
Bigarren disko honen sustatzaile lanetan Urbietaren bikotea Kontxi Aizarna ibili da, eta hainbat kolaborazio izan ditu: Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrak, Iosu Txapartegiren gidaritzarekin eta Zarautz eta Zarautz Txiki abesbatzak, Jaione Eskudero eta Antxon Sarasuaren ardurapean. Mendi margolariak ere parte hartu du liburuxkaren diseinuan.
Ohi bezala, lan berri honetan hamaika lagunek hartu dute parte, letragile, musikari edota kantagintzan. Besteak beste, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Jon Maia, Miren Amuriza, Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Ane Labaka.
Egan talde mitikoari ere omenaldi txiki bat egin nahi izan diote taldearen izen bereko abestiarekin, eta Xabier Saldiasek berak abesten du.
Disko-liburu berria uztailean, irailean eta urrian grabatu zuten, Andoaingo Garate estudioan, Kaki Arkarazoren eskutik. Xabier Zabalaren gidaritzapean 32 abesti, 17 eta 15, jaso dituzte, erritmo eta kolore askotarikoak.
Ikuskizunak
Ikuskizun berria ikusteko interesa dutenek, gertu bi hitzordu izango dituzte.
Abenduaren 11n, igandean, Usurbilgo kiroldegian izango dira pailazoak 11:30ean hasiko den saioan.
Haurren Gabonetako oporraldiaren baitan berriz, urtarrilaren 3an, bi saio eskainiko dituzte pailazoek Donostiako Kursaal-ean. Hauek 16:00etan eta 19:00etan izango dira.