Ibilbide erdia eginda

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 18a

Erronka handia hartu zen Euskararen 9. Maratoiaren bueltan, 40 orduetatik, 40 egun euskaraz egitera pasa zen. Horrela izanda, 600 Ahobizi eta 3.000 belarriprest lotzeko helburua jarri zen. Azkenean, Ahobiziak 957 herritar dira eta Belarriprest izateko aukera oraindik ere zabalik dago. Sustatzaileen hitzetan, erronkak harrera ona izan du herrian eta ikerketa ondo bideratzen ari da. Abenduaren 3an erronkari amaiera emateko ekitaldi handia egitea aurreikusten da.

Laugarren astearen amaieraren inguruan, ‘Baietz 40 egun euskaraz!’ herri-erronka erdira iritsi da. Antolatzaileek adierazi dutenez, herritarrek oso serio hartu dute konpromisoa eta ongi bideratzen ari da. 
“Kalean ere, begi-bistakoak dira txapak, han eta hemen, herritarren paparretan”.

Ahobiziak

Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egiten duten 957 herritarrek eman dute izena Ahobizi aritzeko. Eta horrek esan nahi du, pertsona horiek guztiak konprometitu direla urriaren 23a eta abenduaren 3a bitartean dauden sei asteetakoren batean euskara ulertzen duten inguruko (etxeko, lagunarteko, lantokiko…) ezagunekin euskaraz aritzera alde batetik, eta bestetik, ezezagunekin hitz egiterakoan, lehen hitza euskaraz egitera, eta ulertzen badute, euskaraz jarraitzera, haiek edozein hizkuntzetan erantzunda ere.     

Antolatzaileek egun dituzten datuen arabera, erronka lehendabiziko hiru asteetakoren batean egitea egokitu zaien 400 Ahobizietatik, %60tik gora dira saioetara joan direnak eta horietatik %75 dagozkien galdetegiak bete eta prozesua osatu dutenak. Alegia, 180 pertsona inguru.

Gaur bertan, azaroak 18, 5. asteko Ahobiziek emango diote hasiera euren erronka asteari. Herritarrak Sasoeta ikastetxean bilduko dira, astero bezala, motorrak berotu eta erronkan parte hartzeko txapa jasotzeko.

Udaletxeko langile eta politikariak, berriz, 63 Ahobizi eta 22 Belarriprest, atzo bildu ziren, batzar aretoan erronka 5. astean gauzatzeko eta bertan izan zen ikerketa zuzentzen ari den EHUko Pello Jauregi irakaslea ere.

Euskararen eguna jomuga

6. txanda, eta horrekin batera 40 eguneko erronka, abenduaren 3an amaituko da  hain zuzen, Euskararen Egunarekin batera. 

Antolakuntzatik adierazi dute Ahobizi modura izena eman eta dena delakoarengatik zegokion txanda egin ezin izan duten guztiek badutela bigarren aukera bat 6. txandara eransteko. Hala egin nahi duenak Udaleko euskara-zerbitzuarekin harremanetan jartzea besterik ez du 943 376 184 zenbakian.

Gauza bera Belarriprestei dagokienean, alegia, Belarriprest txapa jaso ez duenak edo izena eman gabe egon eta orain izena eman nahi duenak, euskara-zerbitzuan edo Ttakunen egin dezake.
Xehetasunak oraindik lotzeko badaude ere, abenduaren 3an emango zaio amaiera Euskal Herrian erreferente bilakatzen ari den gure herriko erronkari. 

Euskararen 9. Maratoiko zortzikotea eta antolatzaileak lanean ari dira azken hitzordu berezi hori erakargarria izan dadin.

Honen ingurukoak hurrengo zenbakietan jasoko du Txintxarri-k.