Gauzak horrela, arraunean segitzeko asmoa duten kirolariek (Intza tartean) beste talde batzuk bilatu behar izan dituzte. Herritarra, esan bezala, Donostiarran ariko da.
Talde horrek aurten aterako du estreinakoz emakumeen trainerua. Gazteak dira arraunlari denak, eta, Intzak kontatu digunez, bera izango da beteranoena (20 urte ditu herritarrak): “Hasiberri asko daude, ni naiz esperientzia gehien daukana; asko baloratzen naute taldean, ea zer nolako maila ematen dugun denboraldian zehar”.
Dagoeneko hasi da talde berriarekin entrenatzen; oso gustura dabilela nabarmendu du Fernandezek.
Duela bost urte hasi zen herritarra arraunean, Zarautz taldean, kadete mailan. Getariarekin duela bi urte batu ziren, eta emaitza aipagarri batzuk lortu ere bai. Iazko Kontxako Banderan, esaterako, bosgarren postua erdietsi zuten; are, lehen asteburuan ohorezko tandara sailkatzea lortu zuten. Intzak lehenengoan ez, baina bigarren asteburuan egin zuen arraun.