ISU Leihoak bigarren postuan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 10a

Gipuzkoako 1go mailako postu gorenetara iritsi da ISU Leihoak taldea. Eneko Molinak zuzendutako taldeak hiru neurketa irabazi ditu jarraian, eta ligako bigarren postuan dago, 15 punturekin.

Denboraldi bikaina burutzen ari da ISU Leihoak Gipuzkoako 1go mailan. Iaz finalera iritsi ziren, eta oraindik pronostikoak egiteko oso goiz bada ere, bide beretik doaz aurten ere. Momentuz, ligako bigarren postuan daude, hamabost punturekin; zazpi partidu jokatu dituzte, eta bakar bat ere ez dute galdu. Are, azkeneko hiruak jarraian irabazi dituzte. 

Joan den ostiralean Bilkoin Legorretarekin neurtu zituen indarrak Eneko Molinak zuzendutako taldeak. Javi Solchagak (2), Aitor Hernandok, Lander Martinek eta Alfonso Molinerok sartutako golei esker 5-3 nagusitu ziren herritarrak. Igande honetan Inter Eder Kafetegia izango dute aurkari: Mons kiroldegian jokatuko du ISUk, 12:00etatik aurrera.

Talde federatuen emaitzak

3. mailan ari den Ostadar Antonio Aroztegiak ezin izan zuen bolada onarekin jarraitu: 9-2 galdu zuen Laskorainen aurka. 0-1 aurreratu ziren urdin-beltzak Daniren gol bati esker, baina etxeko taldeak berdinketa sartu eta aurrerantzean ez zien aukerarik eman herritarrei. Asierrek sartu zuen Ostadarren bigarren gola. Gipuzkoako 1go mailako Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek berriz, bina berdindu zuen Euskaldunaren aurka gure herriko Udal Kiroldegian. Puntu bakarra poltsikoratu badute ere, urrezkoa izan da; etxeko taldeak bi segundoren faltan ezarri zuen 2-2koa markagailuan, Oscar Garciaren gol bati esker. Aurrez, Iñaki Franciscok sartu zuen 1-0ekoa.

Bestalde, jubenil mailako Kafe Bar Buenetxeak 6-4 galdu zuen Arantzazuko Amaren aurka. Franek entrenatzen dituen mutilak 0-2 aurreratu ziren, baina gero ezin izan zioten abantailari eutsi.

Herriko txapelketaren 7. jardunaldia

Sailkapenaren goiko postuetan ez da egon aldaketa gehiegirik aste batetik bestera. Joan den asteburuan jokatu zen 7. jardunaldia, emaitza hauekin: Kattagorri Insausti 5-5 Ibaros Latino; Izkiña 0-2 Kebab Taberna; Trumoi 6-1 Viña del Mar; Reformas Lagunak 0-8 Indaux; Ilargi 3-0 Txoko; eta Urdaneta HK 2-6 Aita Amari Taberna. Gauzak horrela, Kattagorri Insaustik jarraitzen du lidergoan, 17 punturekin. Aita Amarik 14 ditu, eta 13 Kebab eta Trumoi tabernek (partidu bat gutxiago jokatu dute bi hauek). 

Golegile nagusiei dagokienez, lau jokalari daude lehenengo postuan, 10 gol sartuta bakoitzak: Kattagorri Insaustiko Ander Pecharroman eta Unai Ituarte, Izkiñako David Hidalgo eta Trumoiko Javier Arsuaga.