Ibon Fernandez Iradiren egoera gertutik ezagutzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 3a, 12:19
Lasarte-Oriako Sarek antolatuta, atzo arratsaldean Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren egoeraren berri emateko mahai-ingurua egin zuten kultur etxeko hitzaldi aretoan. Fernandezen abokatu Maritxu Paulus eta arreba Ane Fernandez izan ziren hizlariak; moderatzailea, herriko Sareko kide Ixiar Arteaga. Hainbat herritar gerturatu ziren ekitaldira.

"Prozesu hau borroka bat izaten ari da; galtzeko ez daukagu ezer, eta horretan jarraituko dugu". Maritxu Paulus Ibon Fernandez Iradiren abokatuaren hitzak dira, atzoko mahai-inguruan esandakoak. Euskal presoaren egoeraz mintzatu zen abokatua luze eta zabal, Ibon Fernandezen arreba Anerekin batera. Moderatzaile lanak Ixiar Arteaga herriko Sareko kideak egin zituen.

Ibon Fernandezen prozesuak, borrokak, hainbat kapitulu izan ditu azken urteotan. 2003ko urtarrilaren 4an atxilotu zuten, eta 30 urteko kartzela-zigorra ezarri. Gerora diagnostikatua izango zitzaion gaixotasunaren lehen sintomak "2010 urte amaieran" sentitzen hasi zen, Ane Fernandez arrebak zehaztu zuenez: "Gaizki sentitzen hasi zen Ibon, gorputzeko atal desberdinak minbera zituen; urgentziaz ospitalizatzea eskatu genion espetxeari, baina urtebete behar izan zuten horretarako, oso latza izan zen. Argibideak eskatzen genizkien medikuei, eta esaten ziguten presoen artean inor ez zegoela larri". Beste gogoeta bat ere gehitu zuen Ane Fernandezek: "Hasieratik egin zitekeenetik gero benetan egin zenera, gauza asko galdu ziren bidean".

2012ko udazkenean eritasunaren sintomen agerraldi gogor bat pairatu zuen Ibonek. Toulouseko Purpan ospitalean hainbat proba neurologiko egin eta esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. Maritxu Paulus abokatuak zehaztu zuenez, une horretantxe Ibonen "kartzela-zigorraren suspentsioa" eskatu zuten: "Argitu behar da eskatzen duguna zigorraren suspentsioa dela, ez askatasuna; berez, Ibonek zigorraren 20 urte bete arte, 2023ra arte ezingo luke ezer eskatu, baina osasun-arazo oso larriak dituzten presoek egin dezakete, salbuespen neurri gisa. Dena den, epaitegian suspentsioa emango baligute ere, sei hilabetero mediku batek osasun-azterketa egingo lioke Iboni, eta ebatzi kalean jarraitu edo espetxera bueltatu beharko lukeen".

Epaiketa, azaroaren 24an

Kartzela-zigorraren suspentsioa emateari ala ez emateari buruzko auzia azaroaren 24an izango da. Dena den, egun horretan ez da "ezer" jakingo, Paulusek nabarmendu zuenez: "Auzia egun horretan izanda ere, erabakia hilabete batera eman ohi dute; beraz, gabonetarako eman dezakete. Hala ere, baliteke are gehiago luzatzea, 2017ra arte, epaileek informazio osagarria eska dezaketelako".

Azaroaren 24ko hori ez da Ibon Fernandezen auziari buruzko lehenengo epaiketa izango, ezta gutxiagorik ere. Presoak berak, senideek eta abokatuek epaitegietan egindako ibilbidea luzea izan da oso. 2014. urte hasieran kartzela-zigorraren etetea eskatu zioten epaileari, Kouchner legearen pean (epaileak izendatutako espezialista desberdinek ebaztea ea presoak pairatzen duen gaixotasuna bateragarria den espetxean egotearekin ala ez). Urte horretako otsailean bi medikuk ebatzi zuten biak ez zirela bateragarriak, baina fiskalak zigorra etetearen aurka egin zuen. Handik hilabete batzuetara, ekainaren 20an, epaileak etenaren alde ebatzi zuen baina espetxean jarraitu zuen Ibonek, estatu frantsesean bizitzeko debekuaren afera zela-eta. Urte horretako urriaren 25ean, Frantziako Dei Auzitegiak 2015eko martxora atzeratu zuen erabakia (hirugarren mediku azterketa bat eskatuz), eta gero, maiatzaren 7ra. Egun horretan Ibon Fernandezen zigorra etetearen aurka deliberatu zuen auzitegi horrek. Maiatzaren 12an helegitea jarri zuen Ibon Fernandezek Kasazio Gortean.

"Parisko Kasazio Gorteak hautsi egin zuen Dei Auzitegiaren erabakia; ez da ohikoa izaten hori, ez bakarrik euskal presoen kasuetan, baizik eta afera denetan", ohartarazi zuen Paulusek. Prozedura berrabiarazi egin da, eta esan bezala, auzia azaroaren 24an izango da. "Erabakia hautsita ere, tentuz jokatu behar dugu, eta esperantza gehiegirik ez eduki", gehitu zuen euskal presoaren abokatuak. 

Paulusek jakinarazi zuenez, Kasazio Gorteak ebatzi du Dei Auzitegiaren erabakia bertan behera uztea ez direlako betetzen Ibonen eritasuna eta espetxean jarraitzea bateragarriak izateko baldintzak: "Besteak beste, Dei Auzitegiak emandako epaian zehazten zen hilero-hilero neurologoa, esklerosia artatzeko espezialista nagusia ikusi behar zuela Ibonek, baina ez da horrela izan. 2014an pasa zuen 'kontsulta' adituarekin, neurologoarekin alegia, telebista bidez; espezialista horrek zioen ez zuela zuzenean artatuko Ibon, ospitalera garraiatzerakoan gendarme ugari zihoazelako berarekin, eta hanka eta eskuak lotuta edukiko zituelako. Orduz geroztik, ez du berriro ikusi. Argi utzi nahi dut estatu frantsesa ez dela izan espainiarra baino hobea kasua artatzerakoan: mediku azterketak egiterakoan beso eta hankak lotuta zeuzkan Ibonek, edota ospitalea itxi egin zuten hara eraman zutenean".

"Ibon Fernandez nola dago gaur egun?"

Hori izan zen Ixiar Arteagak atzo hizlariei egindako galderetako bat. Ane Fernandez arrebak jakinarazi zuenez, "gaizki samar dabil orain, gaixotasunaren aztarnak ditu, sentsibilitate-arazoak, gorputzaren ezkerraldean batez ere; edozein infekzio txikik kalte handiak eragiten dizkio, eta lo egiteko arazoak ere baditu. Horri guztiari gehitu behar zaio espetxeko zerbitzu eta baldintza eskasak. Hala ere, Ibonen jarrera ez da pasiboa, ahal duen heinean prebentzio-lana egiten du, elikadura ahal bezainbeste zainduz, esaterako". 

Ibon Fernandezen jarrera pasiboa ez den heinean, gizartearena eta agintariena ere horrelakoa (pasiboa) ez izatearen garrantzia azpimarratu zuten. "Geldirik eta eserita ez da indarrik egiten guk nahi dugun noranzkoan; bultzatzeko ahalegina egin behar da", nabarmendu zuen Fernandezek. Paulusek, bere aldetik, gogorarazi zuen "oso garrantzitsua" dela gizarteak aktiboki adieraztea ez legokeela arazorik Ibon kalean egotearekin, "frantziar epaileei hori ikusarazi eta konbentzitzeko".

Lasarte-Oriako Sare ez dago geldirik, inola ere: datorren asteko ostiralean, hilak 11, kultur ekitaldia antolatu du Okendo plazan. Eta azaroaren 19an, larunbatarekin, Bagoaz elkarteak deituta, Baionako Euskaldunen plazatik abiatuko den manifestaziora joateko gonbita ere luzatzen du Sarek. 17:00etan hasiko da.