Adineko pertsonei laguntasuna emanez

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 3a

Lasarte-Orian 'No estás sol@- Ez zaude bakarrik' elkartea sortu berri da. Helburu nagusia helduen bakardadea, isolamendua eta afektu gabezia arintzea da. Pixkanaka zenbait ekintza eramango dituzte aurrera, hala nola, pertsona adinduen etxeetara joan haiek laguntzera. Elkarteak boluntarioak edo pertsona adinduen eskaerak behar ditu.

Lasarte-Orian biztanleriaren %20tik gora bakardadean bizi da eta errolda datuen arabera 65 urte gainditzen dituzten 700 pertsonatik gora bizi dira egoera honetan. 

Egoera honi irtenbidea bilatzeko, Lasarte-Orian 'No Estás Sol@-Ez Zaude Bakarrik' elkartea sortu da. Elkarteak azaltzen duen modura, adinekoei laguntasuna emateko elkartea da eta boluntarioek osatzen dute.

Helburuak

Helburu nagusia helduen bakardadea, isolamendua eta afektu gabezia ekiditea diren arren, honen barruan beste helburu batzuk ere baditu elkarteak.

Baztertuta edota bakardadean eta baliabide murriztuekin dauden adinekoen autoestimu eta bizi-kalitatea hobetu nahi du elkarteak. Horretarako, gaitutako boluntarioek laguntza emozionala, laguntasuna eta adiskidetasuna eskainiko diete, afektuzko loturak sortuz.

Honetaz gain, pertsona edadetuek bizi duten egoeraren lekukoizan nahi dute. Lan honi esker, jendearen sentsibilizazioa bultzatuko dute. Proposamenak aurkeztu eta administrazio publikoei eta gizarteari dagoen ekintza premiaz ohartaraziko dute.

Ekintzak eta laguntza

Elkarteak jarduera ugari egingo ditu, hala nola, adinekoekin topaketak eta bestelako jardueren antolaketa, gizarte sentsibilizazioa eta nagusien autonomia sustatzeko ekimenak bultzatu. 
Baina nagusia, adindunen bizitokian laguntasuna ematea izango da. Programako bazkideek boluntarioen bisita jasoko dute etxean. 

Horregatik boluntarioak behar ditu elkarteak. Elkarteko kideek azaltzen duten modura, “belaunaldi desberdinen arteko elkarbideak eraiki nahi ditugu gizarte solidario eta bateratzaile bat lortzeko”. 
Era honetara, herritarrak animatzen dituzte boluntario gisa lan egitera.

Proiektua
Elkartearen ideia 2014 urte amaieran sortu zen eta Kooperatzen-en bidez, hau da, ekintzaileen ideiak enpresa sozial edo kooperatibo bihurtuko dituen formakuntzan landu zen.

Iaz IMPULSA lehiaketara aurkeztu zen proiektua eta Estatu mailan, 3 proiektu bozkatuenetako bat izan zen. Sariari esker, elkartea abiarazteko oinarri ekonomikoa lortu zuten.

Informazioa eta parte-hartzea

Elkarteko web orrialdean, asociacionnoestassolo.org aurkitu daiteke informazio gehiago.

Era berean, ekartean parte hartu nahi edo honen bazkide izan nahi duen pertsona orok hainbat bide ditu: 617 910 656 edo 943 575 964 telefono zenbakietara deitu, info@asociacionnoestassolo.org helbide elektronikora mezu bat bidali edo elkarteko egoitzara, Blas de Lezokalea 11-13 behea, Danok Kideko lokala, hurbildu daiteke asteazkenetan eta ostiraletan 11:30tik 13:30era.