Bizikleta berriak kiroldegiko Indoor aretoan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 22a, 13:07

Abenduaren 12tik aurrera, kiroldegi munizipaleko indoor ziklismoko aretoak bizikleta berriak dauzka spinningean aritzeko. Guztira 20 bizikleta estatikoen erosketa 37.673 euroan, Astigarragako Argysan enpresari esleitu zaio.

Udalak jakitera eman duenez, bizikletek erresistentzia-sistema magnetiko bat dute, 1etik 24ra bitartean erregula daitekeena. Erresistentzia-mota horri esker, pedalketa suabea da eta higaduragatik alteraziorik ez du. Potentziometroa kalibratzeko sistema dute, bizikleta guztiek erresistentzia bera izan dezaten. Kontsola bat daukate, datu hauek ematen dituena: minutuko pedal-biraketak, garatutako potentzia eta kontsumitutako kilokaloriak, erabiltzailearen bihotz-taupaden maiztasuna (bihotz-frekuentzia neurtzeko sistema gehienekin bateragarria), egindako distantzia, saioan igarotako denbora, guztira ibilitako distantzia eta zein erresistentzia-mailatan pedalkatzen ari den. Modelo profesionaleko pedalierra eta Shimano pedal mistoak dituzte.

Lasarte-Oriako kirol-instalazioetan egin diren beste inbertsio batzuk hauek dira:

  • Kiroldegiaren estalkia inpermeabilizatzea, José Aizpurua Unanue S.L. enpresak 37.637 euroan egina.
  • Gimnasioko zorua bernizatzea, Iñaki Lasak egina eta 4.174 euroko kostua izan duena.
  • Kiroldegiko dutxak legionellaren kontrako legedira egokitzeko lanak, Tarte S.L. enpresak 32.128 euroan eginak.

Trinketeko estalkian haizeteagatik izandako hondaketak konpontzea, Cubiertas Pagola S.L. enpresak 12.415 euroan eginda.