San Roke baselizaren inguruan giro ederra izango da abenduaren 31n, goizean. Ostadar SKT eta Ttakun Kultur elkarteak antolatuta 2016 urteari agur esateko 10:00etatik jana bukatu arteko jaia antolatu baitute.
Herritarrek Urtezahar egunean bakoitzak bere kaxara eta erritmora Lasarte-Oria eta Buruntza arteko ibilbidea egingo luke.
Ibilaldi laburra eta luzeagoa egiteko aukera izango da, herritar bakoitzak bere ibilaldia antolatuko du; Lasartetik, Oriatik, Azkorteko baselizatik, Urnieta bidetik…
Gailurrera iritsi eta San Roke baselizaren ondoan dagoen aterpean indarrak berreskuratu ahalko dituzte antolatzaileek prestatutako hamaiketakoari esker.
Ohitura sortuz
2012an hasi ziren Ostadar eta Ttakun hamaiketako berezi hau antolatzen. Inguruko herri askotan dago ohitura mendian Urte-zaharra agurtu edota berriari ongi etorria egiteko.
Lasarte-Orian halakoa sustatzea zen hasieratik antolatzaileen helburua eta pixkanaka, urtetik-urtera errotuz joan dela diote. Buruntzara igotzera animatzen dira asko eta giro polita sortzen dela azpimarratzen dute.
Trikitixa eta hamaiketakoa
Lasarte-Oria inguruko txokoetaz gozatu eta bide batez kirola egitea da Ostadar SKT eta Ttakun KEren asmoa.
Jaitxoa 10:00etan hasitako da eta jana bukatu arte, hamaiketako goxoa egiteko aukera izango da San Roke inguruan, txorizo errea, gazta, salda, ardo eta sagardo tragoxkarekin. Eta jai giroa borobila izateko, trikitixa soinuez girotuta izango da hamaiketakoa.
Eguraldi txarra egingo balu, mendiaren magalean, baseliza ondoan aterpea dago, eta sua egingo da tarte horretan epelago egoteko.
Urteari bukaera lege onean eman nahi dionak aukera du mendi buelta egin eta lagun artean egoteko.