Ttakun Kultur Elkarteak 25 urte bete ditu 2016 honetan eta Txintxarri aldizkariak berriz 23. Ibilbide oparoa egin du herriko aldizkariak eta honetan hainbat izan dira aldaketak noski.
2017an, urtarrilaren 13tik aurrera, ostiraletan soilik argitaratuko da Txintxarri, hori bai, 16 orrialderekin, denak koloretan eta diseinu berriarekin, txikiagoa izango da aldizkaria.
2003an aldatu zen aldizkari fomatutik egunkarikora eta astekari bakarra izatetik, bira. Hamahiru urte hauetan batez ere Txintxarriren agerkari digitala sortu, berritu eta hobetzera bideratu dira baliabide tekniko zein pertsonalak beti ere paperezko argitalpenarekin uztartuz. Sarean gure egitekoa egonkortuta dagoela pentsatuta, garaia zen paperezko edizioa eraldatu eta berritzeko.
TOKIKOM euskarazko tokiko hedabideen elkartearekin batera abiatutako gogoetan ostiraletako argitalpenak irakurrienak zirela ondorioztatu zen. Irakurleek nahiago dute aldizkaria asteburuan irakurri.
Aspaldiko susmoa konfirmatuta, lanean hasi ginen proiektu berria diseinatzen. Tartean, Goienak diseinu lanak elkarbanatu ditu aldaketa erraztuz.
Kirolari leku gehiago
Edukiei dagokionez, aldaketak sumatuko dira nahiz eta modu progresiboan egin nahi diren.
Orain arteko erreportaje eta elkarrizketak modu erakargarriago batean eskaintzeaz gain, mamia sakonago lantzea da helburua.
Bestalde, formatu berrira aldaketa egiteko arrazoi nagusietako bat izan da kirolari tarte gehiago eskaintzea. Kirol orri bakarra izan dugu orain arte eta tarteka elkarrizketa edo erreportaje bat edo beste sartzeko orri gehiago eskaintzen ziren. Herrian dagoen zaletasuna eta kirol aniztasuna ikusita, gehiago behar zela argi genuen.
Iritzia ematen duen kolaboratzaile taldearekin lanean jarraituko dugu eta kultura eta kirol ekitaldien agenda ere mantenduko da. Urtean zeharreko 32 orriko zenbaki bereziak argitaratuko dira, jaietako bi zenbaki bereziak, Gabonetakoa eta Urtekaria.
Zorion-agurrak, azoka txikia, herritarren txokoa atalak mantenduko dira eta berrikuntza modura eskelak edota oroigarriak txertatzeko aukera izango da. Hauek paperean zein sarean argitaratuko dira.
Horrelako aldaketa bat ez da egun batetik bestera egiten eta asko izan da eskainitako denbora eta lana.
Txintxarriko lan taldekideok ilusioz heldu diogu erronka berriari eta urduri espero dugu zuen harrera.
Esan gabe doa, eraldaketa honek baduela beste helburu garrantzitsu bat; irakurle berriak erakartzea.
1.361 Txintxarri osatu badira, zuei esker izan da, herriko eragile, elkarte eta norbanakoen lana eta konfiantzari esker.
Zozketa
Txintxarri aldizkari berrituari ongi etorria egin aurretik, nahiko genuke zaharra modu berezian agurtu.
Hau dela eta jolas bat proposatu nahi dizuegu, egin Txintxarrirekin argazkiak eta bidali txintxarri@txintxarri.eus helbidera edo whatsappez 688 683 510 zenbakira.
Argazki original eta dotorenen artean produktu sorta ezberdinak zozketatuko ditugu. Zozketaren emaitza urtarrilaren 4ean emango dugu jakitera gure sare sozialetan zein txintxarri.eus webgunean. Irabazleek Ttakuneko bulegotik pasa beharko dute euren saria jasotzea urtarrilaren 12a bitartean. Ez galdu aukera eta parte hartu!!