Eguberriez gozatuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 23a, 11:00

Pixkanaka Lasarte-Oria Eguberri giroan murgiltzen joan da. Abenduko zubian Gabonetako argiak jarri ziren martxan. Lehengo astean, Aterpearen eskutik Gabonetako jardunaldi bereziak izan ziren Manuel Lekuonan. Asteburuan Gabon kantez betetako kontzertuak izan dira eta asteazkenean San Tomas eguna izan zen. Ez dira hauek Udalak edo herriko elkarteek Eguberri hauetarako antolatu dituzten ekintza bakarrak. Kultura eta aisialdiko ekintzak izango dira nagusi hamabost egun hauetan. Adin ezberdinetako herritarrek haien gustoko ekintzak aukeratu ahalko dituzte.

Lehengo astean Aterpea Merkatarien elkartearen eta Udalaren eskutik hasi ziren Eguberrietako ekintzak Lasarte-Orian.

Gabonak zurekin prestatzen ditugu! ekimenari esker, Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu ziren herritarrek dekorazio, moda, makillaje, zein jostailuei buruzko proposamenak eta gomendioak entzun zituzten, baita sukaldaritzakoak ere.

Astelehenetik ostiralera, denda ezberdinetako kideak izan ziren hitzaldi aretoan.

Aritza mertzeriako lagunek arropa nola apaindu erakutsi zuten, Ormazabal loradendako kideek mahaia nola atondu, Maiane lurrindegiak makillajea erakustaldia eta gomendioak eskaini zituen, Kattagorri jolasak dendako kideek adin ezberdinetrako jolas, joko eta panpinak erakutsi zituzten eta Alba modak Eguberrietarako aproposak diren jantzien desfilea egin zuen. 

Era berean, egun bakoitzean, herriko ostalari bat ere izan zen: Yolanda taberna, Arkupe taberna, Lasarte taberna, Goiegi jatetxea edo Buenetxea kafetegia.

Garaiko produktuak erabiliz, pintxo edo plater ezberdinak aurkeztu zituzten eta etxean era errazean hainbat gauza nola egin azaldu zuten, hala nola, izokina nola ketu.

Guztiek  noski herritarren galderak erantzun zituzten.

Eskaintza ugari

Honetaz gain, adin guztietarako ekintzekin egitaraua osatu da hamabost egun hauetarako.Eguberrietako haur parkea, ur-festa, musika eta Errege Magoak izango dira gurean.

Era honetara, atzo arratsaldean Eguberrietako Haur Parkeak ireki zituen ateak Michelingo kirol gunean. Bertan izan ziren Udal ordezkariak, gune ezberdinak bisitako eta balantzaka dabiltzan bizikletetan ibiltzera ere ausartu ziren.

Abenduaren 31ra arte zabalik izango da Lasarte-Oriako haur eta gazteek ederki goza dezaten.

Parkea egunero 11:00etatik 14:00etara izango da irekia eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Abenduaren 24an goizez bakarrik egongo da irekita eta Eguberri egunean itxita egongo da.

Kirol guneko pilotalekuko eta karpako aforoa mugatuak direnez, goiz eta arratsaldeak ordu eta erdiko bi txandatan banatuko direla jakitera eman dute antolatzaileek.

Hiru gune

Aurreko urtean legez, adin ezberdinetarako bi gune izango dira Michelingo kirol gunean eta bestea, Oria auzoan.

Michelingo kirol guneko pilotalekua koloretako oihal eta moketez apaindutakoa, 0-12 urte tartekoen gunea izango da.

Ludoteka, ipuin-kontariak, ohe elastikoa, makilatzeko eta tatuatzeko espazioa, zezen mekanikoa, hainbat puzgarri (olagarroa, baserria, zirkuitua, pista amerikarra, elefantea….), tailerrak, eta WII bideo-jokoen gunea izango dira bertan, baita aurten berrikuntza den karaokea ere. Honekin, gunea girotu eta haurrek dantzan jartzea espero da.

Kanpoko tenis pistan berriz, 300 m2ko karpa klimatizatua dago, 12 urtetik gorako neska-mutilei zuzendutako ekintzekin. 

Giza-futbolina, zezen mekanikoa, Salto-salto puzgarria, bideo-jokoetarako gunea, DJ-arentzako tokia, 2 ping-pongeko mahai, 2 futbolin, eta 2 Air-Hockey daude gaztetxoen gozamenerako. Karpatik kanpo, gainera rokodromoa, balantzaka dabiltzan bizikletak eta beste puzgarri bat ere badaude.

Eta azken urteetan bezala, Eguberrietako parkeak bere lekua izango du herriko beste gune batean ere, Oriako Bitarte tenis-pistan. 

Honetan 225m2ko karpa klimatizatua jarri da. Bertan familian egiteko jokoak izango dira, hauek joko tradizional erraldoiak izango dira. 

Ikuskizunak

Hori guztiaz gain, hainbat ikuskizun izango dira Michelingo kirolguneko pilotalekuan Eguberrietako Haur Parkeko agertokian. 

Gaur, '2 azeri estu eta larri' haurrentzako antzerkia izango da. Abenduaren 27an, asteartean, Runi magoaren ikuskizunaz gozatu ahalko dute txikiek, eta 30ean, berriz, 'Eguberrietako euskal ipuinak' eskainiko dira. Emanaldi hauek guztiak 19:00etan, izango dira

Haurrek abenduaren 31ra arte gozatu ahalko dute Eguberrietako Haur Parkeaz. Azken egun honetan, jaialdi txikia izango da 12:00etatik aurrera. Honetan, urteari amaiera ederra emateko dantzaldia eta beste joko batzuk egiteko aukera izango dute pilotalekura hurbiltzen direnek.

Irteerak

Baina gaztetxoenek ere ez dute aspertzeko astirik izango. Esate baterako, Ttakun Kultur Elkartearen eskutik, Gazte klubeko lagunek Barakaldoko BEC-eko Eguberrietako Haur Parke erraldoira egingo dute txangoa abenduaren 28an. 

09:30ean abiatuko dira Zumaburuko geltokitik Barakaldora. Parkean dauden jolas eta atrakzioetaz gozatu ahalko dute gaztetxoek eta 18:30rako bueltan izango dira.

Ur-festa

Egun horretan bertan, kiroldegiko igerilekura joaten diren etxeko txiki eta gaztetxoek ere ederki gozatzeko aukera izango dute goizeko 10:00etatik 12:00etara, Kirol zerbitzuak antolatutako Ur-festan.

2006-2012 urteen bitartean jaiotako haurrek parte hartuko ahalko dute ekintzan.

Kiroldegiko arduradunek gogoratzen dute umeak bakarrik sartuko direla igerilekuan eta igeri egiten jakin behar dutela parte hartzaile guztiek. 

Bazkideek doan parte hartu ahal izango dute eta ez bazkideek 3,7 euro ordaindu beharko dituzte.

Jaiotza lehiaketa

Hau guztiaz gain, urte zahar egunean, abenduaren 31ean, Danok Kide elkarteak antolatzen duen Jaiotzen Lehiaketako sari banaketa izango da, 12:00etan elkartearen egoitzan. 

Abenduaren 19 eta 20a izan ziren jaiotzak aurkezteko egunak eta egun hauetan epai-mahaiak bere aukeraketa egingo du.

Izan ere, lehiaketako irabazleak Muebles Azpeitian jarriko baitituzte ikusgai. Gainontzeko lanak San Pedro elizan ikusteko aukera izango da.

Elkarteak parte hartzaile guztiak gonbidatzen ditu banaketara hurbiltzera.

Musika

Manuel Lekuona kultur etxean ere izango dira ekintzak.

Gaur, arratsaldean, Udal Musika eskolako ikasle eta irakasleek Gabon kantetan oinarritutako kontzertua eskainiko dute.

Eskolako instrumentu ezberdinen doinuak, ahotsa eta irudiak nahastuko dira herritarren gustoko izatea espero duten emanaldian.

Eta azken urteetan legez, gospel musika oinarri duen kontzertua izango da Eguberrietan.

Hitzordua abenduaren 30ean 20:00etan da Manuel Lekuona kultur etxean. Oholtzan 'Gospel Soul' taldea eta bere ahotsak ariko dira.

Lau kidez osatutako talde honek gospeleko klasikoak, zein gaur egunekoak eskainiko ditu emanaldian.

Kontzertuko sarrerak 5,50 euro balio ditu eta dagoeneko eskuragarri daude Manuel Lekuonan, zein internet bidez.

Euskalgintzaren errepasoa

Bestalde, bihar, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Armairuaren zirrikitutik, 'Lasarte-Oriako euskalgintza 1966-2016' dokumentalaren estreinaldia egingo da kultur etxean. 

Atzera begirako bat eginez, Lasarte-Oriak azken 50 urteetan euskalgintza arloan eman dituen pausoak agertzen dira. 

Ikastolaren sorreratik gaur egunera arte hainbat izan dira euskararen alde aurrera eraman diren proiektu eta ekimenak, hala nola, lau urtez behin egiten den Euskararen Maratoia eta horrekin lotuta, ezin ahaztu Ttakun Kultur elkartearen osaketa ere.

Lasarte-Oriako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu dokumentalaren lehen emanaldi honetara.

Erregeen harrera

Eta Eguberriei amaiera emateko, Errege eguna dugu, eta egun bat lehenago, urtarrilaren 5ean, Ekialde Urruneko Errege Magoen bisita jasoko du Lasarte-Oriak. 

Aurten berrikuntza bat dakar, urte ezberdinetan erabiltzeko kartela diseinatu dute eta beste karroza txiki bat egongo da.

Era honetara, Errege Magoen bisita jasotzen lehenak, goizean, Atsobakar Zahar egoitzako lagun eta bere familiak izango dira.

Okendo plazan berriz, 12:00etatik aurrera, Erregeen laguntzaileek haurren eskutitzak jasoko dituzte. Inguruko kaleetan ere ibiliko dira.

Erregeak ikusteko, arratsaldeko 16:00etara itxaron beharko dute haurrek. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ama Brigitarren komentuko kaperan izango dira eskutitzak jasotzen.

Antolakuntzako kideek, jakitera eman dutenez,  ordu eta erdiz izango dira Erregeak bertan eta puntual komentuko ateak itxiko dituzte.  Izan ere, Errege magoak kabalgatarako prestatu behar dira.

Horregatik elkarteko kideek gurasoei gomendio bat egin diete, “ez dezatela azken momenturako utzi”.

Ibilbidea

Era honetara, 18:00etan, hasiko da Erregeen Kabalgata Oria auzoan. 

Baserritarrak, APG lerroko patinaje taldeko kideak, erregeen laguntzaileak, zuzi eramaileak, Udal Musika eskolako kideak eta Jalguneko lagunek parte hartuko dute desfilean.

Urtero bezala, geldialdia egingo dute Brigitarren komentu aurreko jaiotzan eta ostean, bidearekin jarraituko dute, Hipodromo etorbidea, Iñigo de Loyola eta Geltoki kaletik Okendo plazara iritsiko dira.

Mercero plazan su artifizialak izango dira Errege Magoak plazara iristerakoan, baita musika ere. Felix Garitano komentuko apaizak harrera egingo die Erregei. Hauek Jesus haurtxoa gurtu eta balkoira igoko dira. Bertan haurren eskutitz batzuk irakurri eta goxokiak botako dituzte.

Ekitaldia amaitu ostean, Erregeek haien bidea jarraituko dute. Laguntzaileek, berriz, Jalgune elkarteko gurasoek prestatuko dituzten ogitarteko gozoak dastatu ahalko dituzte.

Zuzi eramaileak 

MEGABA elkarteak azpimarratu du zuzi eramaile bezala atera nahi duten gazteek abenduaren 29an izena emateko aukera izango dutela. Hitzordua Gaztelekuan izango da 18:00etan.

Desfileari buruzko informazio guztia eskainiko da eta haur eta gaztetxoen gurasoak ere hurbiltzea nahi dute, hauek kabalgataren nondik-norakoak ezagutzeko. Honen harira, zuzi eramaile izateko 11 urte baino gehiago behar direla azpimarratu dute.

Honetaz gain, aurten bilerara joatea garrantzitsua dela nabarmendu dute. Izan ere, zuzi eramaileei dagokien jantziak bertan banatuko baitira.

Era berean, urtarriletik Kabalgataren arropa duten herritarrei ere, bilerara hurbiltzeko gonbita egiten diete antolatzaileek.

Zalantzarik izan ditzaketen herritarrek 649 513 102 telefonora edo info@megaba.es helbide elektronikora idatzi dezakete.

Kartela

Hau guztiaz gain, MEGABAko kideak urteetarako erabilgarria izango duten kartel berria aurkeztu dute  'Lasarte Oriako Errege Magoen Desfilea' izenpean.

Elkarteko kideek azaldu dutenez “2016ko kabalgata arte, herriko gazteekin kartel lehiaketa antolatu ohi dugu. Baina azken urteetan aipatu bezala eta aurten ere, abisatu dugunez, boluntario falta dugularik, aurten kartelen lehiaketari ezin izan diogu aurre egin; horren ondorioz, hurrengo urteetarako kartel bat osatzea pentsatu dugu”.

Kartelari dagokionez, berezitasun nagusiena izarra da. “Endika Amilibia gogoan dugu. Horregatik kartelean “Endika Amilibia izarra” ardatz izanik Ane Arsuagak kartela hau osatu digu, non hiru erregeak Meltxor, Gaspar eta Baltasar, gameluan ikusten diren”.