Etxeko txikientzako ilusio eta poz egunak dira hauek. Bi astetako opor egunak izango dituzte eta noski, Eguberri egunean zuhaitzera gerturatu eta opariak irekitzeko irrikitan daude.
Askok dagoeneko Olentzerori eskaera egin eta nahi dituzten opariak lortzeko asmoz, txintxo portatzeko ahaleginak egiten ari dira.
Beste batzuk, eskutitza oraindik prestatu gabe dute, ez dutelako erabakia hartu.Azken hauek, hiru egun dituzte eskutitzak bidaltzeko.
Bestela, larunbat arratsaldean, 18:15etatik aurrera, Ttakun KEk antolatutako Olentzeroren harrera jaialdian izango dute zuzenean Olentzerori emateko aukera. Mari Domingi, Xixuko ahatea eta Porrotxek ere ez dute huts egingo eta hitzordu berezi honetan izango dira.
Desfilea
Harrera ekitaldia baino lehen, desfile erraldoia egingo da Lasarte-Oriako erdigunetik. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten aurreko urteetan ez bezala ez da berrikuntzarik izango desfilean.
Loidi Barren pilotalekuan hasiko da ibilbidea. Baina martxan jarri baino lehen, hiru suziriren hotsa entzungo da Lasarte-Orian. Lehenengoa Olentzero eta bere lagunak Lasarte-Oriara hurbiltzean botako da, bigarrena Loidiko tunela igarotzen dutenean eta hirugarren suziriarekin batera, 17:00ak aldera, kalejira erraldoiari hasiera emango zaio.
Pilotaleku eta Okendo bitarteko ibilbidea karrozan egingo dute Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotxek.
Iaz bezala, Olentzeroren etorrerako bereziki menditik jaitsitako galtzagorri bihurriak izango dira bi karrozetan, baita arkumetxoak ere. Hauek haurrak agurtu eta goxokiak jaurtiko dituzte.
Hauetaz gain, desfilean oinez Kuadrillategi, Gazte Kluba, Amaraun kluba, Jalgune eta ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute, baita nahi duten herritar guztiek ere.
Mitologia
Desfile koloretsu eta alai honetan hainbat pertsonaia mitologiko ere izango da. Gazte Kluba eta Kuadrillategiko DBH3ko gazteen eskutik, Sorginak eta Tartalo, Basajaun, Basandere, Mari Teilatuko eta lamiak ikusteko aukera izango da.
Kuadrillategiko DBH1 mailako lagunek argi-zuziriak eramango dituzte desfilean. Gainera, DBH4 mailako taldearen rezibatukadak Loidi Barrenen eta Tajamar biribilgunean giro ederra sortuko du instrumentuen erritmoari esker.
Amaraun Klubeko haurrek buruhandi lanak egingo dituzte desfilean. Buruhandi hauek aste honetan zehar egin diren tailerretan prestatu dituzte.
Ttirriki Ttarrakako trikitilariak ere izango dira desfilean eta Lasarte-Oriako erdiguneko kaleak girotzen lagunduko dute.
Hitzordua guztientzat 16:45ean izango da, puntual abiatu ahal izateko.
Emanaldia
Ibilbideari dagokionez, Beko kaletik Kale Nagusira egingo du desfileak. Bertan Tajamarreko biribilgunerako bidea hartuko du. Honetara iristean, Hipodromo etorbideruntz joko du eta Okendo plazaraino jarraituko du bidea.
Antolatzaileen hitzetan, kalejirak hiru ordun laurden iraungo ditu. Karrozak Hipodromo etorbidean utziko dira eta Okendoko oholtzara oinez, joango dira Olentzero eta bere lagunak.
Bertan harrera egiteko rezibatukadaren ema-nalditxoa izango da plazan bertan.
Ostean, musikaz betetako Olentzeroren etorrera jaialdia hasiko da.
Alboka abesbatzako kideen ahotsak entzungo dira lehenik oholtzan. Herriko abesbatzak hainbat euskal gabon abesti eskainiko ditu Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx oholtzara igo bitartean.
Jarraian, Porrotxen bihurrikeriaz gozatu ahalko da eta Olentzerori harrera beroa egingo zaio.
18:15ak aldera, Olentzero, Mari Domingi eta Xixukok eskutitzak jasoko dituzte. Beraz, ordurako haur guztiek haien eskutitzak prest eta eskura izatea espero dute ikazkinak eta bere lagunek.
Oholtzan, Ttirriki Ttarrakako lagunek hartuko dute arratsalde berezi hori girotzeko testigua.
Hau guztia, oholtzetan gertatzen den bitartean, Okendo plazako zati batean. Kuadrillategiko DBH2 mailako kideek gaztainak erre eta txokolatea banatuko dute musu edo besarkada truk.
Haur guztien eskutitz eta ilusioak batu ostean, 20:00ak aldera, Olentzerok bere etxerako bidea hartuko du. Izan ere, gau nekeza izango du aurretik, etxez etxe ibili beharko baita gau osoan zehar haurren opariak banatzen.
Antolatzaileek azaldu dutenez, eguraldi txarra egitekotan, jaialdia Loidi Barren pilotalekuan egingo litzateke.
Kantuak eta txokolate jana
Hala ere, Lasarte-Oriako etxe, baserri eta txoko guztiak goiz goizetik murgilduko dira Gabon giroan.
Txanpon batzuk biltzeko asmoz haur taldeak ibiliko dira kale eta etxeetan zehar haien ahots onenaz gabon doinuak eskaintzen. Baina ez dira bakarrak izango, ohiturari jarraikiz, hainbat elkarte eta taldek ere Eguberri bezperako erronda egingo baitute.
Aurten berrikuntza bat izango da goizean. Landaberri ikastola eta Sasoeta-Zumaburu ikastolako haurrak batera aterako dira Ttirriki Ttarraka taldeko kideekin batera.
11:00etan, Jaizkibel plazatik aterako dira guztiak. Herriko kaleak girotuko dituzte 12:30ak aldera Okendo plazan amaituaz.
Erronda amaitzean, Ttakun KEk antolatuta, txokolate janaz gozatu ahalko dute, baita plazara hurbiltzen diren lagun guztiek ere. Eta mokadutxo bat hartu nahi duenak, Landaberriko DBHko lagunen patata-tortilla postua izango du.
Guraso elkarteek ikasleak gonbidatzen dituzte erronda honetan parte hartzera.
Honetaz gain, goizean, 10:00etatik aurrera, Zabaletako lagunak Antonio Blas plazatik irten eta auzoan, zein auzo inguruko baserrietan gabon giroa ezarriko dute haien kantuekin.
Arratsaldean Alboka abesbatza ere Atsobakar zaharren egoitzan hasi eta herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan. Herriko zahar egoitzako egoileentzat saiotxoa eskainiko du abesbatzak hauei ere egun berezi hauek alaitzeko helburuarekin.
Bestalde, Erketz Euskal Dantza Taldeko kideek baserriz baserri egingo dute erronda.
Entseguak
Erketz EDT eta Zabaleta auzoko lagunek ahotsak prestatzeko entseguak egingo dituzte.
Erketz EDT-k, gaur 20:00etan, Sasoeta auzoan kokatuta dagoen KZgune Zaharrean. Zabaletako auzotarrek berriz, ostiralean dute hitzordua 19:30ak aldera Antonio Blas plazako lokalean.
Herritarrak gonbidatu nahi dituzte taldeekin batera Gabon bezperako erronda egitera.