Eguberrien aurrekari gisara, San Tomas Azoka antolatu du gaur arratsaldean Ttakun KEk, Okendo plazan. Herritar ugari gerturatu dira festaz gozatzera, giro hotzari aurre eginez.
Gaztain erre goxo batzuk edo txistorra, gazta zein txokolatez betetako taloaren alde egin dute askok gorputza berotu eta hotzari aurre egiteko. Horrez gain, egarri izan direnek sagardo tragoxka bat ere hartu zuten. Jo eta ke aritu dira laguntzaileak gaztainak zein taloak egiten.
Bien bitartean, gaztetxoenek ere eduki dute aukera euren talotxoak egin, prestatu eta dastatzeko gero. Neska-mutil ugari animatu dira ekintzan parte hartzera, arkupeetan. Gune horretan jarri dira baita ere Alboka abesbatzako kideak zein Batxilergoko 2. mailako ikasleak, euren jardunerako zein ikasbidairako dirua biltzeko.
Beste aldean ere bildu da jende-oldea, zerrama eta haren kumeak ikusi eta argazkiak ateratzeko.
Emanaldiekin, giroa
Plaza guztia egon da beteta arratsaldean zehar, baita oholtza ere, jakina. Hainbat taldek eskaini dituzte emanaldiak arratsaldean zehar. Ttirriki Ttarraka taldeko kideak izan dira giroa jartzen lehenak. Trikiti eta panderoak eskuan eta mikrofonoa ahoan, euren errepertorioko
pieza ugari jo dituzte ikusleen gozamenerako.
Ondoren, Lierni Rekondo bertsolaria fin aritu da, pare bat bertso abestuz.
Xumela abesbatza ere izan da Okendo plazan. Oholtzara igo eta euren onena eman duten, abesti herrikoi ezagunak
abestuz.
Eta, bukatzeko, Erketz eta Kukuka dantza taldeek antolatutako erromerian astindu dute gorputza herritarrek,
giro ederrean.
Gaurko azoka jendetsuarekin egin die herriak ongi etorria Eguberrietako festei.
San Tomas azokako irudiekin argazki galeria eta bideoteka egin ditugu.