Elkarlana hitzarmenekin sendotuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 20a

Euskalgintzako gizarte eragileekin 2016-17 ikasturterako lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Lasarte-Oriako Udalak. Atzo egin zuten ekitaldi ofiziala udaletxe berrian.

Ttakun Kultur Elkarteak eta herriko lau ikastetxeetako guraso elkarteek sinatu dituzte lankidetza hitzarmenak Udalarekin. "Hitzarmenaren filosofiak adierazten du Udalak eta aipatutako euskalgintzako eragile horiek elkarrekin landu dituztela Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak", adierazi du Euskara Batzordeak. "Landaberri ikastolak 50 urte eta Ttakunek 25 betetzeak berretsi besterik ez dute egiten harreman-modu hori", gehitu dute.

Udalaren izenean Jesus Zaballos alkateak eta Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordoki izan ziren atzoko sinaketa ekitaldian. Hitzarmen horien garrantzia nabarmendu zuten biek, "hitzartutakoaren bidez eragile gutziek saretuta eta adostasunean lanean aritzak suposatzen duenagatik, batez ere, eta baita jasotzen dituzten programen eta diru-laguntzen kopuruarengatik ere".

Bi urtemuga horien harira ere hitzarmenak sinatu zituzten atzoko ekitaldian: Landaberrik 50.a eta Ttakunek 25.a ospatzekoak. Horiek dira aurtengo berrikuntza nagusiak.

Ttakun Kultur Elkartea

Denera 191.998,03 euroko diru-laguntza jasoko du aurtengo ikasturtean Ttakun Kultur Elkarteak. Denetan handiena da atzo Tomas Arrizabalaga elkarteko lehendakariak sinatu zuena. Iaz bezala, hamar izan dira hitzartutako programak: udako txokoak, udako kanpaldiak, Gazte Kluba, Kuadrillategi, Gazteen hizkuntza trebetasunak garatzen, Famili transmisioa, Solaskide solasbide, Erakundeak euskalduntzen, Bertso Eskola eta Txintxarri aldizkaria. 

Ttakun arduratuko da programa horien guztien antolaketa osoa prestatzeaz, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, behar diren langile guztiak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta diru-kontuak kudeatzeaz. Hitzarmenean jasota dago Ttakunek diru-laguntza justifikatuko duela enpresa eskudun batek auditatuta, Euskara Batzordeak zehaztu duenez. 

Hitzarmen horrez gain beste bi ere sinatu ditu aurten Ttakunek. Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko 5.000 euroko bat, eta Ttakunenea elkartea egokitzeagatik ordainduko zergaren (Eraikuntza Instalazio eta Obren Gaineko Zerga) kopuru bereko beste bat, 11.479,94 eurokoa. "Lokalaren proiektuak helburu sozialak ditu eta horrela egin da herriko beste elkarte gastronomikoekin ere", azaldu du Euskara Batzordeak.

Ikastetxeetako guraso elkarteak

Bestalde, Jesus Zaballos alkateak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu zituen, Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko Pello Sanchez Cuesta lehendakariarekin eta Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martin Gonzalez lehendakariarekin hitzarmen bana eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko Miren Zaldua ordezkariarekin bi hitzarmen, bata lehen hezkuntzako ikastetxeko programekin eta bestea bigarren hezkuntzakoekin. 

Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako aldizkariak (Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi), pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa (gazte-hizkera lantzea helburu duena), Elemeleka programa (gazteen komunikazio-trebetasunak hobetzeko) edo Gu ere bertsotan programa bezalakoak.

Guztira, lau hitzarmenen sinaketak 52.487,09 €ko aurrekontua suposatu dio Udalari. Iazko diru-kopuru berbera dela eman du aditzera Euskara Batzordeak.

Landaberriko Guraso Elkarteko lehendakari Miren Zalduak ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko hitzarmena ere sinatu zuen atzo: 10.000 euro jasoko ditu Landaberrik.