Atzo Michelinen bizi izan zen goizak ez zuen gutxiago merezi: eguraldi ezin hobeak lagunduta, Beltzak eskolako 10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek eskolarteko topaketetan hartu zuten parte, eta hori baino lehen, berriki zendutako eta Beltzak klubeko kide izandako Aitor Urangak omenaldia jaso zuen. Errugbia eta emozioak izan ziren protagonista zelai barruan.
Ezer baino lehen, Beltzak klubeko kategoria desberdinetako jokalariek eta beteranoek pasilo bat egin zuten aldageletatik zelairaino. Txalaparta doinuez lagunduta, Aitor Urangaren ahaideak igaro ziren bertatik, zelai erdira iristeraino. Bertan, Dabid Egizabal herritarrak aurresku bat eskaini zien, eta Errugbi Eskolaren zein Beteranoen (klubaren historian aurreneko aldiz) urrezko pinak jaso zituzten klubeko kideen eskuetan.
Ondoren, eskolarteko topaketetan hartu zuten parte 10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek. Guztira 180 bat jokalari elkartu ziren Michelingo zelaian: Beltzak, Gaztedi, La Rioja, Arrasate, Eibar, Bera Bera, Mutriku eta Zarautz taldeek hartu zuten parte. Norgehiagokak jokatu ostean, indarrak berritu zituzten guztiek 'hirugarren denboran'.
Babyauto Zarautz hirugarren postuan
Lehenengo itzulia bukatu bezala ekin dio bigarrenari Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldeak: irabaziz. Arerio zuzen batekin neurtu zituen indarrak kostako taldeak larunbatean, Astin. 24-0 irabazi zuen Babyautok, Xabi Prieto, Ander eta Xabier Rekondo eta David Vega herritarrak taldean zirela. Horrekin gutxi ez, eta talde bizkaitarra gainditu du sailkapenean; hirugarrenak dira orain. Kategoriaz igotzeko playoffetarako sailkatzeko lehian ibiliko dira bi taldeak liga erregularra amaitu arte.
Harrobiko taldeek ere jokatu zuten asteburuan zehar. Larunbat goizean 14 urtez azpiko gazteek hiruko txapelketa bat jokatu zuen Irunen, etxeko taldearen eta La Riojaren aurka. Bi neurketak irabazi zituzten; 0-55 eta 0-21, hurrenez hurren. 16 urtez azpikoek ere Irunen jokatu zuten, eta 5-40 irabazi.