Geroz eta gertuago ditugu gabonak, eta horiei ongi etorria eman amoz, Alboka eta Aldapeta Abesbatzek gabonetako kontzertua eskaini dute gaur, Brigitarren Komentuan. Eguerdiko 12:30etan eman diote hasiera emanaldiari. Komentuko argiak itzalita, kandelatxoa eskuan azaldu dira agertokira Alboka abesbatzako kideak, eta 'Gabaren erdian' kantua abestuz eman diote hasiera entzunaldiari.
Lehen abestia entzunda, Eguberritako abesti ezagun ugari eskaini dizkiote entzuleei gero. Horien guztien artean, 'Cristmas Lullaby', 'Haurtxoaren negarra', 'Birjina maite', 'Cacdombe de San Baltasar', eta 'Los Campanilleros' doinuez gozatu ahal izan da. Azken hori gainera, Semblante Andaluz taldeko musikariek lagunduta abestu du Montse Latorreren taldeak.
Albokaren saioa amaituta, Aldapeta abesbatza irten da agertokira, eta aurrekoen antzera, dozena erdi gabon abesti eskaini dituzte. Entzundakoen artean, 'Hallelujah', 'Adeste Fideles' eta 'Villancico tropical' izan dira. Abesbatza honen emanaldian gainera, Elisa Diaz aritu da bakarlari lanetan eta berarekin batera, 'Holy night' eta 'I love the Lord' kantuak abestu dituzte.
Emanaldia amaitu baino lehen, kontzertuan parte hartutako zenbait lagunei oroigarriak banatu dizkiete, eta bi taldeek batera 'Hator hator' abesti herrikoia abestuaz amaitu da gabonetako kontzertua.
Txalo zaparrada artean agurtu ditu publikoak gaurko emanaldiko Alboka eta Aldapeta abesbatzak.