Fabrimusikala 11+4k girotu zuen larunbatean, Elebeltz Topagunea

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 18a

Fabrimusikala 11+4 jaialdia izan zen larunbatean, Elebeltz Topagunean. Askotariko estiloetako musika-emanaldiak, hitzaldia eta umore saioa izan ziren aurtengo egitarauaren baitan antolatutako ekintzetako batzuk. Autogestioan oinarritutako Fabrimusikalaren laugarren edizioa izan zen aurtengoa.

Egitarau xumea, baina anitza izan zen larunbatean, Elebeltz Topagunean egindako jaialdikoa. Goizeko 11:30etan eman zioten hasiera Fabrimusikala 11+4 jaialdiari, eta horretarako, 'Kalera, kalera' hitzaldia egin zuten, Lasarte-Oriako preso ohiekin elkartuta.
Brindisa egin eta eguneko lehen kontzertua eskaini zuen ondoren 'Skifire' taldeak. Donostia eta Lasarte-Oriako musikariek osatutako musika bandaren emanaldia amaituta, eta arratsaldeko ekintzei hasiera indartsu bat eman asmoz, bazkari beganoa egin zuten, topagunean bertan.
Indarrak bildu ostean, bazkalosteko ekitaldiak hasi ziren. 17:00etan, Jon Martinez 'Txiki'ren eskutik, umore saio ederraz gozatu ahal izan zuten bertan bildutako Lasarte-Oriatarrek, eta honen ostean, berriz ere musika izan zen nagusi Elebeltzen; 'Bi zaldi' eta 'Pangea' musika taldeek kontzertua eskaini zuten.
19:30etan, berriz ere tripak betetzeko aukerarik izan zen; ordu horretan, salda eta txokolatezko krepak dastatu zituzten topagunera gerturatu zirenek. 
Egun osoko Fabrimusikala 11+4 jaialdiari amaiera emateko, gaueko 23:00etan hasita, 'Buuzbu', 'Zezenaren taldea' eta 'More Jaia' DJak arduratu ziren festa goizeko ordu txikietara arte luzatu eta Elebeltz Topagunean gaua girotzeaz.