Berrikuntza ugarirekin dator San Silvestre lasterketaren II. edizioa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 20a

Lasarte-Oriako bolondres talde batek lehengo urteko bidea jarraitu eta San Silvestre lasterketaren bigarren edizioa antolatu du, berrikuntza ugarirekin: patinatzaileek ere parte hartu ahalko dute eta egokien mozorrotuta doan koadrilak saria jasoko du, besteak beste. Nobedade ugari, beraz, baina asmo berbera: urtea kirola eginez eta festa giro ederrean bukatzea.

San Silvestre lasterketak harrera bikaina izan zuen lehengo urtean gure herrian. Horrek hauspotuta, lasarteoriatar bolondres talde batek bigarren edizioa antolatu du. Abenduaren 31n lehertuko da festa beste behin, Okendo plazatik hasita. Ekintzak 15:30ean hasiko dira; lasterketak, 16:00ak inguruan. Lasterketak, pluralean, hainbat modutan hartu baitezakete parte herritarrek: korrika, patinekin (aurtengo berrikuntza nagusietako bat) zein Ipar Martxako makilak eskuetan.

Antolatzaileek finkatuta dauzkate dagoeneko kirol ekitaldiaren xehetasun gehienak, baina atzoko aurkezpenean azpimarratu zuten lasterketa egunerako bolondres gehiago behar dituztela. "Ez dira izango lan nekezak eta gogorrak, baina bai proba behar bezala antolatzeko beharrezkoak", aipatu zuten. Interesa daukaten herritarrek San Silvestrearen Facebook orrialdean euren izena eta telefonoa utzi beharko dituzte. 

Izen-emate epea zabalik dago oraindik. Hilaren 28ra bitartean Interneten egin daiteke, kirolprobak.com web orrialdean, 5 euroren truke. 29an eta 30ean, berriz, Manuel Lekuona kultur etxean, 7 euro ordainduta. Dortsalak ere egun horietan jaso beharko dituzte parte-hartzaileek. Bi egun horietan lau orduz jarriko dituzte postuak: 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 19:00etara. Eta, baten bat azken unean animatuko balitz parte hartzera, 31n bertan aukera edukiko du, Okendo plazan, 10 euroren truke. "Interneteko izen-ematea da merkeena, sustatu nahi dugulako herritarrak ahalik eta lasterren apuntatzea, guk jakiteko zenbat pertsonarentzat ari garen lanean", zehaztu zuten antolatzaileek atzo. Momentuz 250 pertsona animatu dira; antolatzaileek "700 eta 900 artean" aurreikusten dituzte.

Modalitateak eta ibilbideak

Hautatzen duten modaliteatearen arabera, lasterketak ezaugarri desberdinak izango ditu parte-hartzaileentzat. Sei kilometroko ibilbidea lasterka egin nahi duena 16:00etan aterako da Okendo plazako helmugatik. Patinetan egiten duenak korrikalarien ibilbide berbera osatuko du, baina ez da 16:00etan irtengo, minutu batzuk lehenago baizik. Ipar Martxa modalitatea aukeratzen dutenak izango dira helmugatik irteten azkenak, eta 4,3 kilometroko ibilbidea egin. Zati handiena berdina izango da hiruentzat, baina Ipar Martxakoek lehenago bukatuko dute, beraz.

Ibilbidea aldatu egingo da aurten, antolatzaileek hala erabakita. "Urbanoagoa egin nahi genuen, eta Sasoeta bezalako auzoei protagonismo gehiago eman, giroa ere bizi dadin bertan". Bideo bat ere egin dute, nondik nora doan ikusteko. Iaz bezala, Okendo plaza izango da irteera eta helmuga.

Mozorroak eta sariak

San Silvestre lasterketa berezi egiten duen faktoreetako bat da herriko kaleetan barrena ikusten den giro kolorestu eta alaia. Hori sustatzen asko laguntzen dute parte-hartzaileen mozorroek. Antolatzaileek "biziki" animatzen dituzte herritarrak lasterketa egunean mozorrotuta ateratzera, iaz bezala. 

Sariak emango zaio mozorro onenari, eta baita ongien mozorrotuta doan koadrilari ere. Hori izango da aurtengo edizioko beste berrikuntza azpimarragarrienetako bat. Antolatzaileek prestatuta dituzten sariak ez dira horietara mugatzen, ordea. Lasterkarien artean, hiru gizonezko eta emakumezko bizkorrenak sarituko dira eta baita lehenengo hiru patinatzaileak eta Ipar Martxako partaideak ere. Horrez gain, parte-hartzaile beteranoenari ere egingo zaio aitortza.

Ohorezko dortsalak

Sari horiek guztiak bi goi-mailako kirolarik banatuko dituzte: Maialen Chourraut piraguistak eta Nely Carla Alberto eskubaloi jokalariak. Antolakuntzak ohorezko dortsalak emango dizkie aurtengo Rioko Joko Olinpikoetan parte hartu duten bi kirolari horiei. "Maialenen urrezko domina eta Nely Carlaren parte-hartze aipagarria dela-eta, haiei egingo diegu aitortza", adierazi dute antolatzaileek.

Zozketatzeko produktu eta sari ugari

Antolatzaileek jakinarazi zuten momentuz 84 enpresa, komertzio eta dendak jarri dutela euren hondar aletxoa produktuak eta bestelako sariak eskainiz. "Guztiak ez dira Lasarte-Oriakoak, baina bai gehienak", jakinarazi zuten antolatzaileek atzo. Momentuz 109 sari dituzte zozketatzeko. "Horietakoren bat irabazteko probabilitateak altuak dira parte-hartzaileen artean", gehitu zuten.

Sari horiek eskaini ahal izateko parte hartu duten guztientzat esker hitzak izan zituzten antolatzaileek, baita Udalarentzat eta Tratu On Bat markarentzat ere, emandako laguntzagatik.

Jesus Zaballos alkateak hartu zuen hitza aurkezpen ekitaldia amaitu aurretik. Bolondres taldeak egindako lana goraipatu zuen, eta jakinarazi diru ekarpentxo bat egingo duela Udalak dortsalak eta antolatzaileek emango dituzten poltsatxoak finantzatzeko.