Kolorez eta erritmoz bete zuen II. Kalera Fest jaialdiak Lasarte-Oriako erdigunea, larunbatean; ekintza ugari izan ziren goizetik gauera bitarte.
Gazteentzako areto futbol saioak ireki zuen egitaraua, eta mural margoketa egin zuten haurrek gero, Sagardotegi kalean. Goizeko ekintzen barruan, patinetan ibiltzeko aukera ere izan zuten etxeko txikienek udaletxeko arkupeetan.
Eguerdian, Loren Garciak gidatutako zunba saioa egin zen Okendo plazan eta arratsaldeko ekintzen aurretik, batukadaren erritmora, pintxopotea aritu ziren herritarrak, Lasarte-Oriako tabernetan barrena.
Bazkal ostean, haurrentzako tailerrak izan ziren Jaizkibel plazan eta Crossfit erakustaldia berriz, Okendon.
Ondoren, izan zen dardotan aritzeko tarterik ere, Trinketean, eta musika emanaldien txanda iritsi zen gero. Estilo guztietako kontzertuak izan zituzten herritarrek; Punk-Rock Tributoak, Reggae musika, eta emanaldi akustikoak egin zituzten herriko hainbat txokotan.
Jaialdiarekin amaitzeko, Burrunba elektrotxaranga arduratu zen kalean bildutako jendeari gaua girotzean, eta Ever Level taldeak aldiz, musika emanaldia eskaini zuen Jalgin.