Herritarrek eta kirol elkarteek hartu dute parte 2016ko kirol merituen aitortza zeini egin erabakitzeko prozesuan, baita Udaleko Kirol Komisioko kideek ere. Bozka gehien zituzten hiru hautagaiak zeintzuk ziren jakin eta gero, Udaleko Kirol Komisioak onetsi egin zituen azaroaren 30ean egindako ezohiko saioan. Aizpea Arroyo gimnastak 2016ko emakumezko kirolari onenaren saria jasoko du, Jon Ander Puertas errugbi jokalariak gizonezkoarena eta Txema Indias Leganes futbol taldeko kirol zuzendariak kirol ibilbidearena.
Bihar egingo dute ekitaldia, pleno aretoan. 11:00etan hasiko da. Saritu bakoitzari, aitortza egiteaz gain, diploma berezi bana emango zaio. Jesus Zaballos alkateak gidatuko du saioa. "Hiru hautagaiek merezi dituzte sariak, Lasarte-Oriako kirolaren alde egindako lanagatik edo euren kirol ibilbide pertsonalagatik", zehaztu du Alkatetzak, ohar bidez.