Euskararen 9. Maratoian ikusi ahal izan zen dokumentalaren zatitxo bat eta abenduaren 23an izango da aukera oso osorik ikusteko 19:30ean Manuel Lekuonan egingo den estreinaldian. Armairuaren zirrikitutik 'Lasarte-Oriako euskalgintza 1966-2016' lanaz gozatu ahalko dute herritarrek sarrera doan izango da eta.
Urteurrenak batu
Herrian euskalgintzako eragile ezberdinentzat urteurren urtea izan da 2016a. Hau dela eta, ideia sortu zen Udaleko Euskara Batzordean denen historia bideo batean bateratzeko. Horrela izanda, herritar talde bat batu eta 50 urteko historia jasotzeko gidoia landu dute. Ikastolaren sorrera, gau eskolak, ikastetxe publikoetan euskararen sarrera, euskara taldearen lehen urratsak, udalaren Euskara Batzordearen sorrera eta bilakaera edota Ttakun elkartearen ibilbidea dira dokumentalaren ardatz nagusiak. Hauen barruan berriz, Maratoia eta bestelako ekimenak ere hartu dira kontuan.
Euskara Lasarte-Orian biziberritzeko egindako lana jasotzen da. 60.hamarkadatik aurrera gurean egin zirenak kontatzen dituzte eragile horien sorreran lanean aritu ziren herritarrak.