Arto-irina eta ura, besterik ez da behar taloaren masa egiteko baina abilezia behar da forma eman edo txapan ez erretzeko. Atzo arratsaldean, Arrieskalleta elkartean Amaraun Kluba eta Solaskide programetako 170 bat lagun bildu ziren, bi txanda ezberdinetan, taloak egitera.
San Tomas azokako talogileen pausoak jarraikiz guztiek taloak nola egin ikasi zuten. Talogileek masa prestatu eta ikastaroko parte hartzaileek masa zapalduz, taloari forma eman zioten. Haur eta helduek ederki pasa zuten arratsaldea masa eta irina artean.
Gainera, amaiera gozoa izan zuten. Taloak txapan egin, txokolatez bete eta dastatu ahal izan baitzituzten.
San Tomas
Ikastaro hau baliagarri izango zaie txikiei Okendo plazan San Tomas egunean antolatu den azokan. Izan ere, abenduaren 21ean, besteak beste, Ttakun kultur elkarteak haurrentzako talo tailerra egingo baitu.
Honetaz gain, urtero legez, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, talo, gaztaina eta sagardo postua izango da, baita azokako izarrak ere, txerria eta txerrikumeak.
Era berean, herriko elkarte edo ikastetxeetako jarritako postuetan txistorra pintxoak edo gozoak izango dira eskuragarri.
Eta jai giroa borobiltzeko, Ttirriki Ttarrakako lagunen doinuak, Xumela koruko kideen ahotsez eta erromeriaz gozatu ahalko da.