Fabrimusikalaz gozatzeko aukera izango da berriro ere, larunbatean. Autogestioa oinarri duen jaialdian musika izango da nagusi, baina hitzak eta umoreak ere izango dute bere tartea. Azken lau urteetan bezala, Elebeltz Topagunean antolatu da.
Egitaraua
Antolatzaileek azaldu modura, egun osoko egitarau “xume baina anitza” izango da.
Taldeei dagokienez, Euskal Herriko txoko desberdinetatik datozela azpimarratu dute.
Jaialdiari hasiera emateko, 11:30ean, 'Kalera Kalera!' hitzaldia eskainiko dute Lasarte-Oriako euskal preso ohiek.
Bazkal aurrean, brindisa eta 'Skifire' taldearen emanaldia izango da.
14:30ean, bazkari gozoa dastatu ahalko da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bazkarirako txartelak Ilargi eta Furia Beltza tabernatan daude salgai.
18:00etatik aurrera, umoreak hartuko du oholtza, Jon Martinez 'Txiki'ren eskutik. Ostean, 'Bi Zaldi' eta 'Pangea' taldeen kontzertuak izango dira.
19:00etatik aurrera, jaialdira doazenek salda eta txokolatezko krepez gozatu ahalko dute.
Jaialdiari amaiera emateko, 23:00etatik aurrera, 'Buuzbu' eta 'Zezenaren taldea'-ren doinuak entzungo dira Elebeltzen eta gaua ordu txikiak arte luzatu nahi dutenek, 'More Jaia'djen eskutik egin ahalko dute.
Elkartasuna eta eskertza
Antolatzaileek nabarmentzen dutenez, aurten berrikuntza bat dakar Fabrimusikalak. “Musikaz gain, KALERA KALERA dinamikarekin elkarlanean, ekimen honen baitako hitzaldiaz gozatzeko aukera izango da” .
Honetaz gain, atzera begirako bat egin nahi izan dute antolatzaileek, "Fabrimusikala ez baita izan modu isolatuan jaio den jaialdia, 15 urte hauetako historiaren ondorioa baizik. Horregatik, gure erreferentzia den Multimusikala jaialdiaren inguruko “errepaso” hori egin nahi genuke".
"2000. urtean Txorimalo gazte kolektiboa sortu zen herrian. Herriak zituen hutsuneak asetzeko asmoz, gazte andana elkartu zen: kalejirak, olinpiadak, txosna, kontzertuak… Gauza ugari antolatu zituzten, elkar ezagutuz eta gazte ikuspegitik alternatibak sortuz".
"Garai hartan, tabernez gain ez zegoen herrian alternatiba handirik, urte bete lehenago Lasarteko gaztetxea hustu baitzuten. Egoera edo gatazka politikoa askoz ere gordinagoa zela ere esan beharra dago. Gazte kolektiboa sortu eta urte betera, kalea berreskuratzeko helburuarekin lehen MULTIMUSIKALA antolatu zen 2001ean. Horrek musika sorkuntza leherketa bat eragin zuen Lasarte herrian. Ideia taberna bakoitzean musika estilo ezberdinak kaleratzea zen, herria musikaz bustiko zuena; ikuspuntu autogestionatu, kolektibo eta sortzaile batetik. Ordutik, jaialdi honek bere bidea egin du musika estilo ezberdinak uztartuz eta talde ezagun eta ez hain ezagunak suspertuz. Proiektu honek, udaletxea bezalako instituzioetatik, oztopo ugari eduki izan ditu. Horren adibide dira 7,8 ,9 eta 10. edizioetan pairatutako kalte ekonomikoak. Hori dela eta, gastu ekonomiko handiei aurre egin behar izan zien".
"Oztopo guztien gainetik, jaialdi honek dimentsio desberdinak hartu ditu urte guzti hauetan zehar. 10. Multimusikala, esaterako, inoiz baino handiagoa izan zen. Dimentsio desberdinak hartu arren, oinarrizko ideia eta baloreak mantendu nahi izan dira. Proiektuak dimentsio ezberdinak eduki ditu, eta baita, bide horretan, antolakuntza kolektiboa osatzen zuten pertsona ezberdinen parte-hartzea ere. Nolabait esateko, hari hori eten ez zedin, eta hein batean gure sentitzen dugun bide hori geldi ez zedin, duela 4 urte Elebeltz sorkuntza eta eztabaidarako topagunean (espazio okupatu, liberatu, autogestionatu honetan) aurreko filosofia horri jarraipena emateko asmotan, lehen Fabrumusikala antolatu zen. Batetik, herriak musika jaialdi autogestionatu baten erreferentzia izateko, eta bestetik, herritarren gozamenerako. Gozamena ere subertsiboa izan baitaiteke".
Horregatik, eskertza ekitalditxo bat ere egingo dute. “Azken 15 urte hauetan Multimusikalaren eta Fabrimusikalaren parte izan diren eta bertan lan egin duten orori bazkal aurretik egingo den Brindix-era gonbita luzatzen diegu. Izan ere, gure esker ona erakutsi nahi diegu egindako lan guztiagatik” .