Amaia Andres: "Ia hiru hilabeteotan hango eta hemengo suak itzaltzen aritu gara"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko abe. 12a, 18:00

Irailean hartu zuen Amaia Andresek (Donostia, 1966) GAFeko lehendakari izatearen ardura. “Zirkulua ixtea” dela dio, “atletismoak, eta, bereziki, gipuzkoarrak” eman dion guztia itzultzeko modua. Kargua hartzea eskaini ziotenean, hasieran ezezkoa eman zuen; gero, ordea, buelta gehiago eman zizkion proposamenari, eta bere buruari galdetu zion: “Zergatik ez?”. Orain, ia hiru hilabete pasa direnean, erronkarekin “gero eta ilusionatuago” dagoela dio. Dena ez da GAF, ordea: LOKE Lasarte-Oria Kirol Elkarteko prestatzaile izaten jarraitzen du, entrenatzaile pertsonala da herriko Saito gimnasioan, eta mintzapraktika taldearekin ere elkartzen da.

Atletismoaren fase eta etapa guztiak ezagutu ditu Amaia Andresek bere ibilbidean zehar: gaztetxoa zenetik atleta Txindoki klubean, nazioartekoa eta olinpikoa gero Bartzelona 1992ko Jokoetan 800 metroko proban, Gipuzkoako Federazioan eskolartekoen koordinatzaile, LOKE klubeko entrenatzaile eta lehendakari...eta, irailetik, GAF Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente.

Herrira etorri izana mugarritzat du Amaiak. “LasarteOriak oinarriko atletismoa, eskolartekoa, ongi ezagutzeko aukera eman dit: zein egoeratan egiten duten lan begiraleek, guraso elkarteek, Ttakunek... hankak lurrean mantentzen lagundu dit. Herrira etortzeko aukerarik izan ez banu, agian orain ez nuen jarraituko atletismoaren munduari lotuta”.

Horiek, ordea, hipotesiak dira. Errealitatea, bestelakoa: GAFeko lehendakaria da, LOKEko prestatzailea eta entrenatzaile pertsonala. Gai guzti horiei buruz hitz egin du Amaiak Txintxarrirekin.

Ia hiru hilabete pasa dira GAFeko lehendakari zarenetik. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Gai asko aurkitu ditugu mahai gainean, lan asko egiteko. Eta hori, federazioaren insolbentzia ekonomiko erabatekoaren egoera bizkar gainean eramanda; 138.000 euro zor ditu federazioak uneotan.

Bestalde, GAFren mendeurreneko ekintzak kudeatu behar izan ditugu. Ez da izan arazo bat, inondik ere, baina lan estra bat bai. Esan ohi den bezala, hango eta hemengo suak itzaltzen aritu gara. 

Nolatan aurkeztu zinen presidente izatera?

Kargua irailean hartu nuen, baina lehenagotik dator kontua. Egoera kaxkarra zela ikusi genuen, klubek ez genuela kobratzen, arazoak zeudela eskolartekoekin... Hori aintzat hartuta, klub gipuzkoar ia guztiak mahaiaren bueltan eseri ginen, irtenbideren bat topatzen saiatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, esan zuen ez zuela gestorarik nahi, hezur eta haragizko pertsona batek izan behar zuela federazioaren buru. Niri proposatu zidaten lehendakaritza hartzea: ezetz esan nuen hasieran, baina gero, buruari buelta batzuk eman ostean, pentsatu nuen nire barrurako: 'Zergatik ez?'. Egia esan, gero eta ilusionatuago nago erronkarekin.

Erronkez eta egin beharrekoez hitz egiten hasita, arreta deitu dit lehenengo galderan aipatutako guztietan pluralean hitz egin duzula. Zu zara federazioaren burua, baina ez zaude bakarrik.

Hasieratik eduki dut argi hau dena aurrera ateratzeko lantaldea dela gakoa. Kideen artean emakume gehiago egotea gustatuko litzaidake, eta saiatu nintzen, baina ez zen posible izan azkenean. Profil desberdinetako jendea aukeratu dut taldea osatzeko: atletismoa ezagutzen duena, noski, baina baita beste alor batzuen inguruan aholku eman dezatekenak ere: marketinga, horrelako erakunde bat nola kudeatu, diruzaintza, eta abar.

Izan ere, argi esango dut, enpresa bat balitz bezala eraman nahi dut federazioa. Argi dago zerbitzu bat eskaintzen diogula Gipuzkoari, baina, era berean, gai izan behar dugu gastuak murriztu eta dirusarrerak igotzeko, eta baliabide gehiago sortzeko.

Gastuak jaitsi, sarrerak handitu... Ekonomiari lotutako kontzeptuak dira. Alor hori premiazkotzat daukazue zuen agendan?

Hilabeteotan mendeurreneko ekintzak aurrera ateratzea izan da gure lehentasuna, asko daukagulako jokoan. Hemen lanean ari garenok ez dugu horrelako urtemugarik gehiago biziko. Federazioak 100 urte betetzea atletismoaren meritu handi bat da. 

Horrez gain, oraindik lan ugari daukagu egiteke. Lantaldean bost puntuko ildo estrategiko bat diseinatu dugu, epe luzera begira, legealdiak irauten dituen lau urteetara begira, hain justu. Lehenengo puntua, halabeharrez, egoera finantzarioari buruzkoa da: gai izan behar dugu gure burua autofinantzatzeko eta administrazio publikoen laguntzen menpeko ez izateko. 

Zeintzuk dira jorratu beharreko gainontzeko puntuak?

Atletismoa garai berrietara egokitu behar dugu. Uste dut zaharkitua geratu dela, beste kirol diziplina batzuk aurreratuago daudela. Garai batean hamar kilometro egitea sekulakoa zen; gaur egun, maratoi bat egiten ez baduzu, aldapan gora eta patinekin... Formularen bat topatu behar dugu atletismoa berritzeko. 

Alor gehiago ere jorratu nahi ditugu: kanpo-harremanak, kudeaketa... Lasterketa popularrak ere erregulatu egin behar ditugu; kalean pertsona askok egiten dute korrika, eta pistan, ia inork ez. Atleta popular horiei eskaintza erakargarriak egin behar dizkie GAFek, haiek hala nahi badute, federa daitezen.

Eta kirol arloari dagokionean, zer?

Gustatuko litzaidake bi atleta olinpiko gipuzkoar beharrean bost egotea, adibidez, edo lizentzia federatiboen kopurua bikoiztea, klub gehiagok aukera edukitzea lehenengo mailara igotzeko... Eta, horrez gain, kluben eta entrenatzaileen egoera zein den ere jakin nahi dugu. Lantaldeko kideei aipatu diet Gipuzkoako atletismoaren egoeraren azterketa orokor bat egin behar dugula, epe luzera begira. Momentuz, datu-bateria bat osatu dugu.

Urrats horiek denak eman ahal izateko, ordea, denbora behar dugu. Irailetik orain arte, hango eta hemengo suak itzaltzen ibili gara. Urtarrilera arte horrela izango da. Hilabete hori iristean uste dugu erritmoa lasaitu egingo dela apur bat; mahaiaren bueltan eseriko gara, eta elkarri esango diogu: 'Zer nolako federazioa nahi dugu?'.

Galdera horren erantzuna nolakoa izatea gustatuko litzaizuke lau urte barru?

Federazioa iritsi berritan argazki bat atera dugu, egoera ekonomikoari buruz batez ere, auditoria eta guzti. Ikusiko dugu lau urte barruko irudi hori zenbat aldatzen den. Batzarrari kontuak aurkeztu dizkiogu, esan diegu nondik gatozen. Lehen esan bezala, 138.000 euro zor ditu GAFek. Zorra murriztea, kirol arloko helburuak betetzea, lasterketa popularrak antolatzen dituzten taldeekin harremanak berreskuratu eta gauza berriak antolatzea elkarrekin... Erronka asko ditugu. Lortuko ditugu ala ez, baina saiatu ez garenaren sentsaziorik ez zait geratuko, hori ziur

Gardenak izan nahi dugu, jendeari informazioa eman eta ikusarazi GAFren zerbitzura gauden pertsonak garela, langileak garela. Jendeak ikusi dezala euren interesen alde lan egiten duten pertsonak daudela federazioan, ez dela urruneko erakunde bat. 

Bestalde, argi dut beharbada mundu guztiari ez zaiola gustatuko federazioa kudeatzeko nire modua, baina hori lanaren parte da eta onartuta daukat. Ez daukat interes ekonomiko, politiko edo profesionalik, legealdia bukatzean agur esan eta banoa. Ez naiz 'ate birakari' horietako batean sartuko, nire bizitza antolatua daukat honezkero, eskolarteko atletekin, entrenatzaile pertsonala ere banaiz...

Ia bizitza osoa daramazu atletismoaren munduan murgilduta. Zirkulua ixten al duzu erronka honekin?

Bai, hala da. Nik uste atletismoaren egoera eta rol guztiak ezagutu ditudala: eskolartekoetan hasi nintzen, Beasainen aurrena eta Ordizian gero, Txindoki klubean; nazioartekoa eta atleta olinpikoa [Bartzelona 1992n, 800 metroko distantzian], koordinatzaile GAFen, entrenatzaile LOKEn eta presidente ere bai, eta federazioko lehendakari orain.

Atletismoak, eta, gipuzkoarrak bereziki, asko eman dit. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu nuenean, klub asko zeuden prest ordaindu eta ni patrozinatzeko, baina nik ezetz esan nuen, txikitako klubarekin, Ordiziako Txindokirekin hartu nahi nuela parte, eta hala egin nuen. Hori lorpen handia izan zen niretzat. Orain, lehendakaritza hartuz, atletismo gipuzkoarrari itzuli egin nahi diot hori dena.

Lasarte-Oriara etorri izana urrats garrantzitsutzat duzu zure ibilbidean.

GAFeko koordinatzaile lanak utzi eta herrira etorri izana mugarria izan da nire ibilbidean, beti edukiko ditut esker hitzak. Lasarte-Oriara etortzeko aukerarik izan ez banu, agian gaur egun ez nuke jarraituko atletismoaren munduari lotuta egoten jarraituko; utzi egingo nuen akaso.

Herrian oinarriko atletismoa ezagutu dut: eskolartekoa. Begiraleek, guraso elkarteek edota Ttakunek zein egoeratan egiten duten lan, nola koordinatu hori guztia. Hankak lurrean mantentzen lagundu dit.

LOKEko atletismo alorrean prestatzaile lanetan urte ugari daramatzazu. Klubaren presidente ere izan zara.

Azken hiru urteetan izan naiz LOKEko lehendakari, baina kargua utzi behar izan dut ez zelako bateragarria GAFeko presidente izatearekin. Maite Ruedak, gimnasia erritmikoko arduradunak, hartu du testigua. Judo, tenis, gimnasia erritmiko eta atletismo alorrak ditugu. Ez dugu arazo handirik eduki, barne zein kanpo mailan.

Atletismo alorrean entrenatzaile moduan jarraitzen dut, oso gustura gainera.

Zein egoeratan dago atletismo alorra?

Inoiz baino hobeto gaude: urtero aurrerapausoak ematen ari gara. Gaztetxo gero eta gehiago animatzen dira atletismoa probatzera; neskak mutilak baino gehiago. Ia 40 ume ditugu benjaminetan, 30 inguru alebinetan, infantiletan ere ugari...eta, batez ere, azpimarratuko nituzke kadete mailan izena eman duten 14-15 urteko neskak.

Federatuei dagokienean, Eneritz Bustok jarraitzen du entrenatzen, Ane Galardi medikuntza ikasten hasi da baina LOKEn jarraitzen du, Gaizka Ormazabal eta Jon Altunaren figurak ezinbestekoak dira. Oscar Goikoetxea senarra eta biok ezin izaten dugu egunero joan, haiei deitu eta dinamika eramateaz arduratzen dira...lasaitasun handia ematen du horrek. Eredu dira, egunen batean haiek hartu beharko dute lekukoa.

Oso harro nago taldean sortu dugun sentimenduaz eta giroaz: denok laguntzen diogu elkarri, hemen denak dira garrantzitsuak. Eskolarteko mailako gurasoak ere beti prest daude laguntzeko, whatsapp talde bat ere osatu dugu, dena euskaraz... Giro oso ona daukagu gure artean.

Zeintzuk dira atletismo alorraren denboraldiko xedeak?

Eskolartekoen artean sustatu nahi duguna da atletismoko proba desberdinak ezagutzea eta probatzea, konpetizio helburu markaturik gabe.

Federatuen artean, taldetxo batek definituta ditu probak eta egutegia, baten bat Espainiako txapelketarako sailkatu daitekeela uste dugu. Naroa Furundarena, Nerea Loiarte, Xalba Otxandorena, Oihana Igarriz edota Idoia Olasagasti daude talde horretan.

Eneritz Busto ballistak beste helburu batzuk ditu. 2017ko uztailean juniorren Europako txapelketa jokatuko da Italian. Sailkatuko balitz, taldekideok zin egin diogu berarekin batera joango garela pisu batera, furgoneta hartuta.

Berririk ba al duzue Udalak Atsobakarren egin gura duen atletismo pistaren egitasmoari buruz?

Ez, azkenaldian ez. Jarri ziren gurekin harremanetan, galdetzeko ea iritzia eman nahi genuen obra horren inguruan. Guk eman nahiko genuke aholku, aspektu teknikoen inguruan batez ere, pista nola egin, zein faktore hartu kontutan... Horrez gain, badakigu lursailen zati bat Usurbilgo Udalarena dela, eta gaur artean ez direla ados jarri.

Herriko Saito gimnasioan ere egiten duzu lan, entrenatzaile pertsonal gisara.

Pilates saioak ematen ditut, eta abdominal hipopresiboenak ere bai. Entrenamendu pertsonalizatuak diseinatzen ditut baita ere, oposizioak prestatzen ari den jendearentzat, ertzain izateko adibidez.

Oso polita da ikustea nola zuk prestatzen dituzun pertsona horiek apurka-apurka jarritako helburuak lortzen dituen: bukaerako emaitzak baino, horraino iristeko egiten duten bidea. Pilates saioei dagokienean, kirol munduarekin apenas harremanik duen jendea da, eta horiek ere saioz saio hobetzen doazela ikustea pozgarria da oso.

Atleta zinen garaiko ezagutzak eta esperientziak partekatzen dituzu haiekin?

Bai, batez ere atleta nintzenean eman zizkidaten aholku eta jarraibide on guztiak transmititu nahi izaten ditut. Txarrak, ordea, albo batera uzten ditut, eta errepikatzen ez saiatu.

GAFeko lehendakari, prestatzaile LOKEn, entrenatzaile pertsonal, familia... Nola uztartzen duzu dena?

Semeak honezkero koskortuta dauzkat, eta autonomo samarrak dira. Uste dut iritsi dela nire momentua, beste erronka batzuei ekiteko. Dena den, arau moduko batzuk jarri ditugu etxean: adibidez, iristen naizenean sakelako telefonoak deskonektatzearena, edo entrenamenduei buruz senarra eta biok ez hitz egitea, ohitura izaten baitugu sarritan. Hori bai, semeak oheratu eta gero, 'krisi kabineteak' egiten ditugu, eguneko entrenamendu eta antzeko gaiei buruz. Egia esan, herritik Donostiara arteko distantzia ere ez da handia, eta horrek erraztu egiten ditu gauzak.

Eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi nire mintzapraktika taldea. Oso gustura nago, eta prentsaurrekoetan hitzen bat euskaraz esaten ere hasi naiz!