Garaipena erdietsita, pozik amaitu zuten Ohorezko mailako Ostadar SKT erregional mailako mutilek. Igande eguerdian jokatu zuten norgehiagoka Martutene KEaren aurka, Mitxelingo futbol zelaian.
Jokoari hasiera eman eta lehen minutuan jarri ziren etxekoak markagailuan aurretik; Martutene KEaren defentsak izandako huts egite baten ondorioz, lehen gola sartu zuen Julen Campo etxeko jokalariak.
Urdin-beltzak aurretik jarri baziren ere, ez zuten egoera hori aprobetxatzen jakin, eta jokoaren lehen zati osoan, Martutene KEa izan zen nagusi. Hauek, gol-aukera bat baino gehiago izan zituzten partidaren lehen zatian markagailuan berdinketa eskuratzeko, baina ez zuten lortzerik izan. Gauzak horrela, lehen zatia amaitzeko minutu bakarra falta zela, bigarren gol aukera izan zuten etxekoek, baina ez zuten atezaina gainditzea lortu, eta bat eta hutseko aldearekin joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian hobeto
Bigarren zatia antzeko hasi bazen ere, 60. minutuan Alex Rodriguezek Ostadar SKTren bigarren gola sartu zuen, eta indarrak bildu zituen etxeko taldeak. Minutu gutxitara Martuteneren lehen gola iritsi zen, baina denbora tarte laburrean, Gorka Brit Ostadar SKTko jokalariak hirugarrena sartu zuen.
Gauzak horrela, talde aurkariari zail jarri zitzaion norgehiagoka, eta nahiko erraza izan zuten aldiz, etxeko jokalariek. Partidua amaitu baino lehen, Arkaitz Sanchez eta Iban Ruiz jokalari urdin-beltzek gol bana sartu eta guztira, bost gol eginda, 5 eta 1eko aldearekin bukatu zen jokoa Mitxelingo Kirol gunean. Partida ona egin ez bazuten ere, garaipen garrantzitsua eskuratzea lortu zuten etxeko mutilek.
Mailari eustea helburu
Ligaren hasieran sailkapenean gora egiteko zailtasunak izan zituen Ohorezko erregional taldeak, baina azken 18 puntuetatik 12 lortuta, azken postuetatik urruntzen ari dira etxekoak eta mailari eustea da taldearen helburu nagusiena.
Hurrengoa Hernaniren aurka
Aurkari gogorra izango dute datorren norgehiagokan, Ohorezko erregionalek. Hernani CDren aurka jokatuko dute datorren igandean.