Oparitu euskara

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 12a

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako euskara batzordek, tartean Lasarte-Oriakoak.

Gurasoentzako eta 12 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu Katalogoaren edizio berri honek. 
Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta. Eta zazpi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, DVD filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako produktuak. 
Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da ere.

Edizio digitala 
Paperekoaz gain, www.katalogoa.eus webgunea dago. Paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko. Urte osoan bizirik eta eguneratua dagoen gunea da www.katalogoa.eus, argitaletxeek beraiek aukera baitute produktu berriak zuzenean sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta informazio berria eta interesgarria aurki daiteke bertan. 

Produktuen bilaketa azkarra egiteko aukera ere baduzu, adinaren, prezioaren nahiz beste ezaugarri batzuen arabera merkatuan dauden produktuak aurkitzeko.

120.000 ale
Paperezko edizioari dagokionez, aurten 120.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan. Lasarte-Orian haur eta nerabeak dauden etxeetara bidali da, esate baterako.