Esna Hadi elkarteko kideek aipatu legez, iazko jaialdiaren irakurketa ederra egin eta berriro antolatzeko beharra ikusi zuten. Hainbat bileraren ostean, herriko hainbat elkarte gastronomiko, taberna eta norbanakoren laguntzaz eramango da aurrera aurtengo edizioa, hala nola, Texas Futbol taldea, APG, Ostarte gazte taldea, Antxota elkartea, Lorena Garcia, Sasoeta Sasoian elkartea eta Koroibos Crossfit.
Egitaraua
Goizeko 10:00etan areto-futbol partidekin hasi eta Elektrotxarangaren doinuekin amaituko da 01:00ak aldera. Tartean, patinaje tailerra, haurrentzako jolasak eta mural margoketa, Zumba tailerra, Batukada eta Oaintxe indeu txarangak girotutako pintxo potea, Crossfit erakustaldia, dardo lehiaketa eta kontzertuak izango dira.
Berrikuntzak
Antolatzaileek azaldu modura, hainbat berrikuntza dakartza aurtengo Kalera Fest jaialdiak. Batetik “arratsaldeko kontzertuak ez dira tabernen kanpoaldean izango. Aurten lau gune izango dira eta bakoitzean musika estilo tipo bat egongo da”. Era honetara, Jaizkibel plazan izango den Juan Mari Cerezo gunean kontzertu akustikoak izango dira, Landaberri BHIko laukian edo Forja gunean punk-rockaz gozatu ahalko da, Kale Nagusian izango den Gorri gunean tributo taldeak izango dira eta azkenik Inma Oneka gunean, Sagardotegi kalean, Reggae musika izango da nagusi.
Eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, honetarako Kale Nagusia itxiko da. Bestetik, eguerdiko pintxo potean, elkarte gastronomikoek egindako gutiziak dastatu ahalko dira erdigune eta Sasoetako hogei bat tabernetan. Azkenik, aurtengo edizioan Sasoeta auzoa ere jai giroan murgilduko da. Bazkalostean, haur-jolasak izango dira eta hauek amaitzean, kontzertuak.