Nely Carla Alberto, Europako txapelketatik at

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 12a

Nely Carla Alberto herritarra Europako eskubaloi txapelketan aritu da jokatzen Espainiako selekzioarekin. Semifinaletara ezin izan du sailkatu Jorge Dueñasen taldeak, Frantziaren aurka 22-23 galduta, azken segundoan.

Suedian jokatzen ari den Europako eskubaloi txapelketan hartu du parte Nely Carla Alberto herritarrak aste honetan zehar. Espainiak ezin izan du sailkatu semifinaletara, Frantziaren aurka azken segundoan 22-23 galduta aukerarik gabe geratu baitzen.

Lau euskal jokalarik osatu dute deialdia: Ainhoa Fernandez bizkaitarrak, Nerea Pena eta Naiara Egozkue nafarrek eta Nely Carlak berak. Herritarra da ordezkari gipuzkoar bakarra. Iaz Brest Bretagne taldearekin sekulako denboraldia egin zuen Nely Carlak: bigarren mailatik lehenengora igo eta Frantziako Kopa irabazi zuen. Udaran, Rioko Olinpiar Jokoetan jokatzeko deitua izan zen, baina Frantziaren aurkako final laurdenetako norgehiagoka erabakigarria ezin izan zuen jokatu, lesio bat tarteko. Aurten Chambray Touraine taldeak fitxatu du.

Balentria errepikatu ezinik

Duela bi urteko Europakoan, Kroazia eta Hungarian jokatutakoan, zilarrezko domina kolkoratu zuen Jorge Dueñasek zuzendutako taldeak. Aurten ezingo dute balentria errepikatu, dominak irabazteko lehiatik at geratu baitira.