Urtzi Telleriak 45 altxaldi eginda ezin apostua irabazi

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 5a

Harri jasotzaileen arteko apustua izan zen larunbatean, Asteasuko Usarrabi frontoian. Bertan aritu zen Urtzi Telleria Lasarte-Oriatarra Josetxo Urrutia nafarraren aurkako norgehiagokan. Kirolari bakoitzak, bere pisu propioaren bikoitza pisatzen zuen harria altxatu behar izan zuen, sei minutuko hiru txandatan. Horrela, leitzarrak 11jasoaldi gehiago eginda, garaipena nafarrak erdietsi zuen.

Harri jasotzaileen arteko apustua izan zen larunbat arratsaldean, Asteasun. Urtzi Telleria Lasarte-Oriatarraren eta Josetxo Urrutia Leitzarraren arteko norgehiagoka izan zen Usarrabi frontoian.
Harri-jasotzaile bakoitzak, bere pisuaren bikotza pisatzen zuen harria jaso behar izan zuen, sei minutuko hiru txandatan. Gauzak horrela, 156 kiloko harriarekin jokatu zuen herritarrak, eta 142 kilokoarekin berriz, nafarrak.

Apustuari ekiteko prest, 'lasai', 'sentsazio onekin' iritsi zen Urtzi Telleria Asteasuko frontoira. Proba hasi eta lehenengo txandan ordea, aurre hartu zuen Josetxo Urrutiak; tarte horretan, hogei jasoaldi egitea lortu zuen leitzakoak eta 15 altxaldi aldiz Lasarte-Oriarrak. Bigarrengo sei minutuan, indarrak bildu eta beste hamabost altxaldi egin zituen Telleriak, eta probaren hirugarren zatian ere beste hamabost altxaldi eginda amaitu zuen apustua Lasarte-Oriarrak. Guztira, 45 altxaldi egin ahal izan zituen Urtzi Telleriak eta 56 jasoaldi Urrutiak.

Apustua galdu arren, etxean jarritako meta betetzea lortu zuen Telleriak; sei minutuko tarte bakoitzean hamabost jasoaldi egitea. Probarako gogor lan egin du herritarrak. Hasieran zailtasun batzuk izan bazituen ere, azken entrenamenduak 'oso onak' eginda joan zen apustura. Kirolari bakoitzak 3000 euro jokatu zituen.

38 urte eta gero, berriro
Ia lau hamarkada igaro dira harri-jasotzaile gipuzkoar eta nafar batek apustu bat azkenekoz jokatu zutenetik. Orduko hartan Agustin Ostolaza eta Iñaki Perurena aritu ziren aurrez aurre. 400.000 pezeta jokatu zituzten, eta Ostolaza nagusitu zen. Tolosako zezen plazan aritu ziren biak, 1978. urtean. Larunbateko apustua Tolosan egitea aztertu arren, azkenean Asteasuko pilotalekua hautatu zuten.