Gabonak elkarrekin prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 12a

Gabonetako festak gero eta gertuago daude. Horren harira, Lasarte-Oriako Udalak eta Aterpea herriko merkatarien elkarteak 'Gabonak zurekin prestatzen ditugu!' egitasmoa prestatu dute. Gaurtik ostiralera bitarteko egitaraua egin dute, ekintzaz jositakoa, Manuel Lekuona kultur etxean.

Herritarrek Gabonetako festak prestatzeko hainbat gako emateko ekimena prestatu du Lasarte-Oriako Udalak, Aterpea herriko merkatarien elkartearen kolaborazioarekin: 'Gabonak zurekin prestatzen ditugu!' du izena. Gaurtik ostiralera bitarte, herriko hainbat establezimenduk aholkuak emango dituzte iristear diren egun horien prestaketarako. Manuel Lekuona kultur etxean egingo dituzte saio guztiak, 19:00etatik 20:00etara bitarte.

Gaur Aritza mertzeria eta Yolanda tabernaren txanda izango da. 'Zure jantziak gabonetarako moldatu' eta 'gabonetako lehen platera' saioak egingo dituzte, hurrenez hurren. Bihar berriz, Ormazabal loradendak herritarrei erakutsiko die gabonetako mahaia nola prestatu; Arkupe tabernak, berriz, gabonetako otorduetako lehen plater baten proposamena egingo du. Asteazkenean, Maiane lurrindegiak makillaje erakustaldia egingo du, eta Lasarte tabernak gabonetako lehen plateraren proposamena. Ostegunean, Kattagorri jolas-dendak adin bakoitzerako jostailu egokiak hautatzeko jarraibideak emango ditu, eta Goiegi jatetxeak gabonetako lehen plater bat egitearena. Eta, azkenik, ostiralean Alba modak desfile bat egingo du, eta Buenetxea kafetegiak gabonetako lehen plater baten proposamena.

Beatriz Juez Sozioekonomia zinegotziak aipatu zuen "oso pozik" dagoela Udala, Aterpearekin batera "hainbat urtetan egin dek ekimen bat" berreskuratu duelako. "Espero dugu herritarren gustukoa izatea", gehitu zuen. Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak nabarmendu zuen "oso interesgarriak" izan daitezkeela herritarrentzat egitasmo honetan emango diren jarraibide guztiak. Bide batez, aukera baliatu zuen gogorarazteko abenduaren 30ean gabonetako saski bat zozketatuko dela herriko 29 establezimendutan.