Reggae musikaren topaleku, bigarrengoz, Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 29a

Reggae musika zaletuek parrandarako aukera ezin hobea izan zuten larunbatean, herrian. Bigarren urtez, 'Reggae Fever Fest' musika jaialdia egin zen herriko erdigunean, eta gauean, parrandari jarraipena eman asmoz, Elebeltz Topagunera leku aldatu eta kontzertuak izan ziren bertan.

Arratsaldeko seietan eman zioten hasiera jaialdiari, Insausti tabernan. Marcos Carnaby eta Runto Selektorra djak aritu ziren bertan arratsaldea girotzen. Soul, 60. hamarkadako Ska Yeye doinuak, reggae eta musika jamaikarra dantzatu ahal izan zituzten tabernan bildutakoek Galiziako eta Lemoako musika jartzaileen eskutik. Hiru orduko pintxada amaituta, Elebetz Topagunean izan ziren kontzertuak, gauean.

Iruñatik etorritako Skabidean talde gazteak eskaini zuen kontzertua lehenik eta horien ondoren, Euskatalites talde bilbotarra aritu zen agertokian. Azken hauek, 'The Skatalites' musika talde klasikoaren eta Akatzen abestiak eskaini zizkieten bertan bildutakoei.

Bi talde hauen kontzertuak amaituta, berriro ere djak aritu ziren. Oraingoan, Artwood69 eta SirGorka musika jartzaileak arduratu ziren arratsaldean hasitako jaialdia goizeko ordu txikietara luzatzeaz.