Ahal Du Lasarte-Oria Puede' hautesle-elkarteko kideek 2017ko aurrekontuetan lanean daudela adierazi dute.
Hau dela eta hiritar guztientzako bilera irekiak antolatuko dituzte proposamenak jasotzeko asmoarekin. Herrian dauden auzo-elkarte guztiekin harremanetan jartzen hasi dira eta dagoeneko lehen saioa zehaztu dute.
Auzo bakoitzean dauden arazoak eta beharrak zuzenean ezagutzea da xedea, eta era berean, aurrekontuetan islada ematea hauei.
Lehenengo bilera Oriako La Esperanza auzo-elkartearekin izango da. Hitzordua ostegunean, abenduaren 1ean jarri dute elkartearen egoitzan, Basaundi Bailara 8 behea, 19:00etan.
“Behetik gorantz, jendearengandik eta jendearentzat egin behar da politika gure ustez eta horrexegaitik auzotar guztiak joatera eta parte hartzera gonbidatzen ditugu“.
Saio hauen inguruan informazio gehiago nahi duenak LasarteOriaPuede.info webgunean, contacto@lasarteoriapuede.info helbidean edota 608 972979 zenbakira deituta eskura dezake.