Ahoa bizi-bizi, belarriak prest beti!

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 26a, 11:57
Bosgarren txandako Ahobizi taldea aritu da aste honetan zehar erronkan. Atzokoan, seigarren txandako Ahobiziei txapak eman eta txanda aldaketa egin zen, ostiralero moduan, Sasoeta-Zumaburu Ikastetxean. Atzokoan ere, izan zen dantzarako tarterik.

Euskararen Maratoiaren berrogei eguneko erronkak aurrera darrai eta ostiralero moduan, atzo arratsaldean egin zen aste honetako Ahobizi txanda aldaketa. Bosgarren txandako Ahobiziek erronka utzi eta seigarrenekoek hartu zuten txanda. Ohi bezala, arratsaldeko seietan eman zitzaion hasiera ekimenari. Saioaren hasieran, Ahobiziak Sasoeta-Zumaburu Ikastetxeko gelatan banatu eta dinamika bat egin zuten, eta hori amaituta, gimnasioan elkartu ziren guztiak gero. Bertan, Enara Ieregi, Rebeca Garzes eta Oihana Fu Otaegi zortzikoteko kideek gidatutako saioaz gozatu ahal izan zuten Ahobiziek. Bi txandeko herritarren hitzak entzun ahal izan ziren lehenik. Ondoren, familia argazkia atera eta 'Ahoa bizi, belarriak prest' abestiaren laguntzaz, dantza saio ederra egin zuten bertan bildutakoek. Saioa amaituta, Oaintxe in deu txarangako musikariekin batera, Jalgi tabernara jaitsi ziren, kalejiran. Bertan, esperientziak elkarbanatu zituzten Ahobiziek giro atseginean.