Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da gaur eta hainbat izan dira gurean egindako ekintzak. Aste guztian zehar gaia lantzeko helburuarekin izan da egitarau berezia eta gaur elkarretaratzea izan da.
Elkarretaratzea Okendo plazan egin da eguerdian eta modu sinbolikoan aurten bere bikoteek eraildako emakume bakoitzeko zapata pare gorri bat jarri dute, guztira 41. Hauetan izena eta adina zehaztuz.
Eskutitza erasotzaileari
Isiluneari hasiera eman aurretik, emakume batek erasotzaile bati prestatutako eskutitza irakurri du. “Ezin nuen isilik jarraitu, badakit gaixo bat zarela baina horrek ez du justifikatzen egiten ari zarena eta egin duzuna. Momentu batzuetan badakizu zer egiten ari zaren baina nahiago duzu estali. Beldurra ematen dizu konturatzea zein pertsona motan bilakatu zaren”.
Honen ostean, bost minutuko isilunea egin eta txaloekin eman zaio amaiera. Jarraian, udal ordezkari zein emakumeen zentroko kideetako batzuk Ganbon bankua morez pintatu dute.
Honen helburua, urte osoan zehar indarkeria mota honen kontrako borroka presente egotea da.