"Martin Berasategui saria nori eman erabakitzea nire jatetxean hiru izar Michelin eskuratzea baina zailagoa da!". Martin Berasategui sukaldariak gozatu ederra hartu du gaur goizean, asteburuan zehar herriko hainbat establezimendutan herritarrek jan ahalko dituzten pintxoak dastatzen. "Guztiok merezi duzue saria, pintxoen maila benetan bikaina da", aitortu die Berasateguik udaletxe aretora euren pintxoak eraman dituzten sukaldariei.
Aterpeak Pintxo Ibilbidearen IV. edizioa antolatu du aurten, Udalaren laguntzarekin. Iaz, erabaki zuten herritarrek ematen duten sariaz gain, 'Martin Berasategui' izenekoa ere sortzea, eta aurten errepikatu egingo dute. Hori dela eta, gaurko dastaketa-saioa antolatu dute, sukaldariak berak pintxo guztiak dastatu, eta, oharrak hartu eta etxean pentsatu ostean, erabaki dezan aurtengo irabazlea nor izango den. Abenduaren 2an jakingo dira bi sariak nortzuk irabazten dituzten. Iaz, Sancho tabernak irabazi zuen Martin Berasategui saria; herritarrena, aldiz, Yolandak.
Denak dastatu ostean, Martin Berasateguik hitza hartu du. Sukaldari denei egindako lana eskertzeaz gain, jaki guztien maila goraipatu du, eta eskaintza bat ere egin die: "Zuek ni gertuko pertsonatzat hartzea nahi dut; dauzkazuen ideiak elkarbanatu nirekin, eta emango diegu forma".
Zortzi pintxo
Aurten, herriko zortzi establezimenduk hartuko dute parte Pintxo Ibilbidean. Buenetxea tabernan txerri azpizuna dastatu ahalko dute herritarrek, mahats saltsaz barrubetea eta tallarinekin; Viña del Marren, berriz, presa iberikoa, onddo eta Pedro Ximenez saltsarekin; Yolandan, 'Jaizkibel' bakailaoa; Izurden, izokin tartaleta ajoarriero erara, marisko mousse-arekin; Goiegi jatetxean, odolkia, aza eta pikiloekin; Arkupen, isatsa ardo gorri erara, patata eta perretxiko kremaz hornitua; Lasarten, risotto gutizia parmesano gaztaz egindako ohe gainean eta urdaiazpiko lauzekin; eta Lavien, azkenik, onddo-txapela bere emultsioarekin, foie txirbilekin, eta ikatz-ale glasse marroiarekin.
Pintxo ibilbidearen ordutegiak honakoak dira: 25ean (ostirala), 19:00etatik 21:00etara; 26an (larunbata), eguerdian zehar eta 19:00etatik 21:00etara; eta 27an (igandea), eguerdian zehar. Bi euroren truke jan ahalko da pintxoa; edaria aparte ordaindu behar da. Taberna edo jatetxe horietako pintxo desberdinak dastatzen joan ahala, bezeroei zigilua jarriko zaie esku-orri batean. Ibilbide osoa burutzen dutenek zozketa batean hartuko dute parte. Irabazleak Logroñon asteburu-pasa bat lortuko du, upeltegi batera bisita barne.
Lasarte-Oriaren izena zabaltzen
Arestian esan bezala, Berasateguik sukaldari eta establezimendu parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu. Baina berak ere jaso ditu bueltan, Bartzelonan daukan 'Lasarte' jatetxeak hirugarren Michelin izarra eskuratu duelako berriki. Jesus Zaballos alkateak eskerrak eman dizkio sukaldariari, Lasarte-Oriaren izena zabaltzeagatik: "Michelin izarrek mundu mailan dute oihartzuna".
Berasateguik nabarmendu du Lasarte-Oriak ireki zizkiola ateak jatetxea bertan egin eta pixkanaka ezagutzera ematen hasteko: "Sukaldari honen ideia zoro hori gaur egungoan bilakatzea ez nuen espero; Lasarte-Oriako jatetxeak hiru Michelin izar ditu honezkero, eta Bartzelonako 'Lasartek' ere bai orain". Guztira, zortzi izar Michelin pilatu ditu Martin Berasateguik bere jatetxeetan.
Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak eskerrak eman dizkio sukaldariari gaurko ekitaldira gerturatzeagatik eta Pintxo Ibilbideari ekarpena egiteagatik. Era berean, aurtengo parte-hartzaileak nortzuk diren gogorarazi eta pintxo guztien maila goraipatu du.