Ibon Fernandez Iradiren askatasunari buruzko epaia, abenduaren 15ean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 25a

Abenduaren 15ean jakinaraziko du Parisko Zigorren Ezartzeko Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi euskal presoa aske uzten duen ala ez. Atzo bi ordu eta erdiko saioa egin zuen aipatu epaitegi horrek, eta Berriak jakinarazi duenez, prokuradoreak zigor etete eskaera atzera botatzeko eskatu zuen.

Azaro hasieran Manuel Lekuona kultur etxean egindako mahai-inguruan, Ibon Fernandez Iradiren abokatu Maritxu Paulusek zioen gabonetarako jakingo zela beharbada herritarraren zigor eteteari buruzko erabakia. Pixka bat aurreratuko dela dirudi, Parisko Zigorren Ezartzeko Auzitegiak abenduaren 15ean jakinaraziko duelako larriki gaixo dagoen euskal presoa (esklerosi anizkoitza dauka) aske uzten duten ala ez.

Berria egunkariko lankideek jakinarazi dutenez, bi ordu eta erdiko saioa egin zuen atzo aipatu epaitegi horrek. Prokuradoreak zigor etetearen aurka egin zuen. 

Lannemezango espetxean (Frantzia) dago Ibon Fernandez Iradi gaur egun. Joan den urtean Zigorren Ezartzeko Epaitegiak ebatzi zuen bere espetxealdia eta gaixotasunaren tratamendua bateragarriak zirela, baina kasazio auzitegiak baliorik gabe utzi eta agindu zuen kasua berriro aztertzeko.