Atzo aurkeztu zuten Jalguneko kideek aurtengo jaialdi berezia: '25 años de imperfecciones, 10eko jaialdia!'. Abenduaren 3an izango da, aniztasun funtzionala duten pertsonen egunean, 18:30ean Manuel Lekuonan.
“Zer da inperfekzioa? Hiztegiak dioenez: Ona edo hoberena izateko, behar diren ezaugarriak ez izatea. Onena, helburua eta desiragarria dena beti perfekzioa izan behar du?“, hasi ziren Jalgunekoak.
1991. urtean Jalgune lehenengo pausuak ematen hasi zen herrian.
“Ibilbide honetan mota askotako esperientziak ezagutu ditugu: atseginagoak batzuk, zailak, pozgarriak eta emozioz betetakoak besteak. Hauek guztiak hala ere, guretzako aberasgarriak izan dira, guztietatik ikasi dugulako eta argi dago ez direla perfektuak izan“, adierazi zuten Jalguneko begirale eta erabiltzaileek.
25 urte hauetan Jalgunek bidelagun asko aurkitu ditu. Eta pertsona hauek elkartearen izaeran eragina izan dutela aipatu zuen Beatriz Alonso begiraleak, “izaera inperfektuan. Inperfekzioa gizakiaren berezko ezaugarrietako bat baita. Inperfektua izatea erreala izatea da, gure gabezi, ezaugarri eta ahalmen guztiekin. Ez dago perfekziorik inperfekziorik gabe!“.
Paregabea
“25 urtetan perfekzioa ez dela bilatu behar ikasi dugu, ezberdintasuna baizik, berezi eta bakarrak egiten gaituena baita. Paregabeak alegia“, atxiki zuen begiraleak.
Jalgunerentzat ospakizun urteaz gain, 2016. urtea hausnarketa urtea ere izaten ari dela aipatu zuen Pili Bermejo begiraleak agerraldian. “Urte hauetako ibilbidean lortutakoaz jabetzeko eta ezarritako helburuak lortzeko gaitasunaren inguruko hausnarketa egiteko. Hau guztia gure ditugun ahalmen, gabezi eta ezaugarrien ondorio izan da“.
Abenduaren 3a aniztasun funtzionala duten pertsonen eguna da. Horregatik, aipatuz zuen Pili Bermejok “egun aproposa da pertsonak bereziak, berdinak, errealak eta inperfektuak garela ospatzeko“.
Horregatik, beste behin eta hamarkada beteaz, Jalgunek parte hartzera eta ongi pasatzera gonbidatu nahi ditu lasarteoriatarrak; Abenduaren 3an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Lasarte-Oriako Udal Musika Eskolako trikitilariek Manuel Lekuonako inguruak alaitu eta jaialdira deituko dituzte herritarrak.
Festan, besteak beste, Semblante Rocieroko abesbatzako lagunek, Euskararen Maratoiko zortzikoteko kideak eta Lasarte-Oriako Udal Musika Eskolako Trikitilariek hartuko dute parte.
Ordu pasatxo izango duen ikuskizunak denetarik izango duela aurreratu zuten eta ilusio handiz prestatutakoa, “ziur ikusleen gustukoa izango dela“.
Prentsaurrekoa eta gero, jaialdirako prestatzen ari diren emanaldiak entseatzen hasi ziren Jalguneko kideak, giro ederrean, abenduaren 3an dena ongi irten dadin.
Sarrerak eskuragarri
Sarrera doakoa da, baina aurrez hartu beharko dira Manuel Lekuona kultur etxean bertan.