Atzerako kontua hasi da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 25a

Lasarte-Oriako Gure Esku Dago dinamikak bihar, larunbata, jakinaraziko du erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketaren data. Okendo plazan, goizeko 12:15ean, festa giroan emango du ezagutzera kontsultaren eguna.

Lehentxeago, eta motorrak berotzen hasteko, zozketako irabazleek globoa aerostatikoan bidaiatuko dute herriko zerutik. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, eguraldi txarra eginez gero, hegaldia igandean egingo da.

Ekimena
Egun honetako ekimena, 12:00ak aldera hasiko da. Horretan, bi herritar zutabe aterako dira Atsobakar eta Zumaburu auzoetatik herriko erdialderantz. Okendo plazara iritsi eta galdeketaren eguna iragarriko dute Gure Esku Dago taldeko kideek. Musika eta txikientzako ekintzak izango dira, baita mokadua eta edatekoa hartzeko txosna eta arropa postua ere. Gure Esku Dago ekimenak lasarteoriatar guztiak gonbidatu nahi ditu ekitaldi honetara, euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen gaineko herri galdeketa abiaraziko duen atzerako kontua aktibatzeko.