Zabalik dago epea eskolaz kanpoko eta kultur arloko jardueretarako diru-laguntzak eskatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 23a

Atzo GAOn argitaratu zenez, 10 eguneko epea zabalduko da kultur elkarteek eta Guraso Elkarteek beren eskaerak aurkez ditzaten. 9.063 euro emango dira kultur jardueretarako eta 9.494 euro eskolaz kanpokoetarako.

Kultur jardueretarako diru-laguntzak, Lasarte-Orian kultura sustatzeko eta zabaltzeko alorrean interes orokorreko jarduera bat egiten duten erakundeentzat edo elkarteentzat dira.

Kultura sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak arteekin, zientziekin, historiarekin, kultur ondarearekin eta letrekin lotuta egongo dira. Animazio sozio-kulturalekoak, berriz, hauek izango dira: aisialdikoak, sormena bultzatzekoak, herritarren parte-hartzean oinarrituta Bizilagunen Elkarteen ekitaldiak sustatzeko direnak, eta arte eszenikoen, plastikoen, literaturaren eta musikaren alorrean jarduerak antolatzea helburu dutenak.

Eskolaz kanpoko jardueretarako laguntzak ere, norgehiagokako erregimenekoak, pertsonez osatutako elkarteei edo taldeei zuzenduak daude, betiere Lasarte-Orian eskolaz kanpoko heziketaren eta gurasoen prestakuntzaren alorrean interes orokorreko jarduerak egiten dituztenean.

Kasu honetan, jarduera hauek jaso ditzakete diru-laguntzak: eskolaz kanpoko alorrean, Lasarte-Oriako ikastetxeetako ikasleei eta haien gurasoen prestakuntzari zuzenduta egonik, Lasarte-Oriako Udalaren ekimenen osagarri edo ordezko direnak.

Bi kasuetan, hauek dira baloraziorako irizpideak:

a- Aurkeztutako programak edo proiektuak, gehienez ere 40 puntu, honako alderdi hauen arabera:

  • Pertsona onuradunen kopurua (parte-hartzaileak), gehienez ere 20 puntu.
  • Programaren edo proiektuaren ibilbideak edo  sustraitzeak, gehienez ere 10 puntu.
  • Programa antzeko proposamenekin, jarduerekin edo programa koordinatuak dituzten talde elkartuekin koordinatzeak, gehienez ere 10 puntu.

b- Programaren edo jardueraren aurrekontuak, gehienez ere 40 puntu.

c- Erakunde eskatzailearen ezaugarriek, gehienez ere 20 puntu, alderdi hauen arabera:

  • Erakundearen jarraikortasuna edo kaudimena, gehienez ere 5 puntu.
  • Programaren edo proiektuaren finantzaketa-tasa. Eskatutako diru-laguntzaren proportzioa erakundeak edo elkarteak aurkeztutako baliabideekiko, gehienez ere 15 puntu.