Joan den asteburuan herriko areto-futbol txapelketako bederatzigarren jardunaldia jokatu zen. Emaitzak honakoak izan ziren: Kattagorri Insausti 7-7 Indaux; Reformas Lagunak 3-8 Urdaneta HK; Izkiña Taberna 7-4 Ibaros Latino; Txoko Taberna 4-5 Viña del Mar; Ilargi Taberna 0-3 Kebab Taberna; Trumoi Taberna 5-0 Also Taberna; eta Kattagorri Insausti 8-2 Aita Amari Taberna.
Sailkapenari erreparatuz gero, Kattagorri Insausti da liderra, 21 punturekin. Bigarren postuan Trumoi dago, bi puntu gutxiagorekin, baina liderrak baino partidu bat gutxiago jokatuta. Hirugarren postua Kebab Tabernarena da; 16 puntu ditu taldeak, eta liderrak baino partidu bat gutxiago jokatu du. Hamasei puntu ditu baita ere laugarren sailkatuak, Urdaneta Hortz Klinikak. Hori, goiko postuei dagokienez. Beheko aldea ere gori-gori dago. Hiru puntuko aldean bost talde ditugu: Reformas Lagunak 9 punturekin, Also 8rekin, Ilargi 7rekin eta Viña del Mar eta Indaux 6rekin. Txoko da azken sailkatua; 3 puntu besterik ez ditu bildu orain arte.
Orain arteko golegile nagusia Kattagorri Insaustiko jokalari Ander Petxarroman da: 19 gol sartu ditu. Jardunaldi honetan gainontzekoekiko aldea nabarmen areagotu du Petxarromanek: Trumoiko Javier Arsuagak 13 gol sartu ditu, David Miguelizek (Indaux) eta David Hidalgok (Izkiña) 11, eta Unai Ituartek (Kattagorri Insausti) 10. Aipatutako horiek dira bederatzi jardunaldi hauetan 10 gol edo gehiago eskuratu dituzten bost jokalariak.
Talde federatuen emaitzak
Kategoria eta maila desberdinetan ari diren talde federatuek ere han eta hemen jokatu zuten asteburuan. 3. Nazional mailako Ostadar Antonio Aroztegiak kiroldegian neurtu zituen indarrak Elorrioko Buskantzarekin. Talde bizkaitarra kategoriako liderra eta, eta hala erakutsi zuen aurrekoan ere, 2-5 irabazita. Etxeko taldea 1-0 aurreratu zen, lehen zatiko 25. minutuan Ander Petxarromanek sartutako golari esker. Atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ziren, baina aldageletatik bueltan ezin izan zioten luzaroan eutsi emaitza horri, arerioek zazpigarren minutuan sartu baitzuten berdinketaren gola. Horren ostean, beste lau sartu zituzten, eta Ostadar Antoniok beste bat, Petxarromanen eskutik berriro ere. Azkenean, 2-5.
Gipuzkoako 1go mailako taldeek ere ezin izan zuten punturik poltsikoratu. ISU Leihoakek denboraldiko lehen partidua galdu zuen, The Nest Hirukideren aurka, 2-3. Cecilia Kebab Lasarte Ostadar taldea ere esku-hutsik bueltatu zen etxera, Lauburu Aldazen aurka 4-1 galduta. Urdin-beltzen gola Oscar Garciak sartu zuen. Jubenil mailan, Lasarte Kafe Bar taldeak bolada onari segida eman dio Zarautz Bri 14-1 irabazita. Kafe Bar Buenetxeak berriz launa berdindu zuen Zarautzen kontra.