Diru laguntza lerro berria martxan jarri nahi du udalak bere gizarte zerbitzuetatik, herrian argia eta gasaren faktura ordaindu ezin duten bizilagunek hauei aurre egin ahal izateko.
Jesus Zaballos alkateak aipatu duenez, enpresak udalari abisua emango dio herriko bizilagun batek hainbat faktura ordaindu gabe dituenean egoera aztertzeko. Horrela izanda, Gizarte Zerbitzuetako teknikariek pertsona edo familiaren egoera aztertuko dute fakturak ordaintzeko diru laguntza berri hau emateko.
Udalak faktura horiek ordaintzeko dirua eman eta aztertuko du erabiltzaileak kontratatuta daukan kontsumoa zein den gastuak neurriratu eta efizienteago bat bilatze aldera. EDPko Carlos Luengosek honakoari eman dio garrantzia baita zerbitzu mozketa ez egiteari, hori bait da akordio honen helburua.
Alkateak esan duenez, Lasarte-Oria, Logroño eta Bilboko udaletxeen atzetik, halako akordio bat sinatzen hirugarrena izan da. Diru laguntza lerro berri honen zenbatekoa berriz, onartu gabe dagoen arren, batzordetik eta udalbatzarretik pasa behar da, 10.000 euro ingurukoa izatea espero da.
“Ez dugu diru laguntza ezberdinekin mendeko herritarrak sortu nahi, tresna ezberdinak eman nahi dizkiegu euren egoeraz jabetuta, laguntzak kudeatu eta egoera zail horietatik ateratzen laguntzeko”.