Aise irabazita, pozik amaitu zuten Ostadar SKTko erreginal mailako neskek larunbatean, etxean jokatutako partidua. Beti Gazte K.J.K.E taldea izan zuten aurkari etxekoek eta joko ona eginda, sei eta bateko garaipena erdietsi zuten herriko neskek.
Arratsaldeko bostak eta laurdenetan eman zitzaion hasiera partiduari eta jokoa hasi eta lehen minutu eta erdian, Saio Perezek gola sartuta, markagailuan aurretik jarri zen etxeko taldea. Gauzak horrela, baloia atzetik jokatzen hasi zen Ostadar SKT. Alde batetik bestera mugitu zuten baloia eta zentralen bizkarra bilatuaz, min asko eman zien talde aurkariari.
Jokoa ondo defendatu bazuten ere, lehen zatiaren bosgarren minutuan, etxeko taldeak penaltia egin eta talde nafarrak markagailuan berdinketa eskuratu zuen.
Baina ez zuten amore eman urdin-beltzek. Beti Gazte K.J.K.E mendean hartuta, nagusi izan ziren lehen berrogeita bost minutuetan eta berriz ere, Saio Perezek sartutako beste bi gol eta Nahia Mendiableren gol bati esker, markagailuan 4 eta 1 aurretik amaitu zen lehen zatia.
Atsedenaldiko tartea baino lehen, Beti Gazte K.J.K.Eko jokalari batek hankan min hartu eta partidua denbora luzez geldi egon bazen ere, etxeko neskak jokoan ondo aritu ziren.
Deskantsuko tartearen ostean, bigarren zatian, estrategia berdina mantendu zuten herriko neskek. Jokoaren nagusitasunari eutsiz eta taldearen azkartasunaz baliatuz, joko ona egin zuen Ostadar SKTk, eta horri esker, beste bi gol sartu zituen Cristina Revillok. 6 eta 1eko puntu aldearekin amaitu zen partidua.
Guztira, bederatzi norgehiagoka jokatu ditu erregional mailako Ostadar SKT emakumezkoen taldeak eta hiru garaipen lortu dituzte horietatik. Itzuliko partiduak jokatzen hasiko dira orain.
25 fitxak beteta
Azken urteetan arazoak izan dituzte behar adina jokalari elkartzeko, baina denboraldi honetan arauzko 25 fitxak betetzea lortu du taldeak. Astean hirutan entrenatzen dute, Michelingo zelaian. Astelehen, asteazken eta ostiraletan elkartzen dira lan-saioak egiteko, 20:30etik 22:00etara bitartean. Entrenatzaileak Julen Ormazabal eta Iker Artetxe dira; hiru denboraldi daramatzate herritarrek taldea entrenatzen.
Aukera baino gol gutxiago
Ormazabalek zehazten duenez, orain arte jokatutako partiduetan hainbat aukera sortu ditu taldeak, baina horiek gol bihurtzeko zailtasunak izan ditu, “azkeneko neurketetan” batez ere: “Joko aldetik maila ona ematen ari gara, baina golak sartzea kostatzen zaigu”, aipatzen du entrenatzaileak.
Ostadarren helburua da Euskal Ligara igotzeko sailkapen faserako sailkatzea. Horretarako, multzoko lehen hiru sailkatuen artean egon beharko luke Ostadarrek. Iaz halaxe egin zuten, fase erregular bikaina egin eta guztira 17 puntu poltsikoratuta.
Igoera fasean ere primeran aritu ziren urdin-beltzak. Hamar taldek osatutako multzoan lehiatu ziren, eta laugarren postua eskuratu, 31 punturekin. Hamar partidu irabazi, bakarra berdindu eta zazpi galdu zituzten herritarrek. 34 gol sartu (partiduko ia bi) eta 25 jaso zituzten. Aurten ere fase horretarako sailkatzeko ari dira lehian.