Reggae musikaz gozatzeko jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 22a

Bigarren urtez, Lasarte-Orian 'Reggae Fever Fest' antolatuko da. Reggae musikaren zaletuek hitzordua dute hurrengo larunbatean, arratsalde eta gauean, Insausti taberna eta Elebeltz Topagunean.

Iaz lehenengoz 'Reggae Fever Fest' jaialdia ospatu zen gure herrian. “Giro paregabea egon zen, taldeek egundoko maila erakutsi zuten eta selektoreek ere lan bikaina egin zuten. Balorazio oso positiboa egin zuen hurbildu zen guztiak, kristoren festa izan zela esan zuten denek eta horrek guztiak bigarren edizioan pentsatzen jartzeko ilusioa piztu zidan”, azaldu digu Eneko Alkorta antolatzaileak.

Helburua 

Jaialdiak bi helburu dituela azaldu digu.

Batetik 'Reggae Fever' irratsaioa ezagutzera ematea eta bestetik reggae musika jendeari helaraztea da, “gaur egun Euskal Herrian entzuten eta egiten den sasi-ska musikak pena dexente ematen du eta irratsaioak sustraietara joateko aukera ematen du”.

Jaialdia

'Reggae Fever' irratsaioko lagunek aurreko urteko eskema errepikatuko dute. Lehenik erdigunean dj saioez gozatu ahalko da eta ostean, ordu txikiak arte, Elebetz Topagunean taldeak eta djak izango dira.
Jaialdian reggae doinu klasikoak dira nagusi, “Reggae kontzeptua oso zabala da baina guk Reggae originalean eta bere aurretikoak diren Ska eta Rocksteadya maite ditugu. Hori oinarri hartuta aukeratzen ditugu taldeak eta musika jartzaileak”.

“Ez gara agian asko jamaikar doinu klasikoen maitaleak garenak baina publiko fidela garela aitortu behar dut,” gaineratu du.

Era honetara, arratsaldeko 18:00etan hasiko da festa Insausti Tabernan. 

Bertan, Marcos Carnaby eta Runto Selektorra djen pintxada izango da.

Amaitzean, jaia Elebetz Topagunera lekuz aldatuko da eta 'Skabidean' eta 'Euskatalites' taldeez gozatu ahalko da.

Enekoren hitzetan, “Iruñetik 'Skabidean' datoz, talde gaztea baina ska zaharraren bidea jarraitu nahi dutenak eta kontzertu asko jotzen ari direnak azkenaldian. Gaueko “izarrak” berriz Bilbotik datoz eta 'Euskatalites' deitzen dira. Akatz talde mitikoaren alter egoa ditugu. Esperientzia handiko musikariak dira eta 'The Skatalites' talde jamaikarraren bertsioak eta Akatzen abestiak tartekatuko dituzte” .
Jarraian, Artwood 69 eta Sir Gorka-ren saioek dantzan jarriko dute topagunea.

Kontzertuetako sarrera 8 eurotakoa da. Sarrerak sartu baino lehen erosi beharko dituzte zaleek Elebeltzen bertan.

Zaragozatik Lasarte-Oriara

'Reggae Fever Fest'-eko antolatzaileak aipatu digunez, Gipuzkoa edo Euskal Herriko txoko ezberdinetatik jendea etorriko da, Gernika, Iruñea, Gasteiz eta Bilbotik, besteak beste.  
Bitxikeria modura, Zaragozatik furgoneta edo minibusa bete nahian dabiltzala ere azpimarratu du Enekok. Herritarrei ere gonbita egiten die jaialdira hurbiltzera.

'Reggae Fever' irratsaioa

'Reggae Fever' programak 70. hamarkadako Jamaikako Reggae doinu klasikoak lantzen ditu. Zangotzatik astero egiten da irratsaioa eta Info7 irratian ostegunero 23:00etan igortzen da; igandeetan errepikatzen dute gero, 12:00etan. 

'Reggae Fever'-en edukiez gozatzeko, Donostialdeko entzuleek 99.2 frekuentzia sintonizatu behar dute.