Solaskide programak ikasturteari hasiera eman dio modu ofizialean. Talde ezberdinak martxan dira dagoeneko. Asteroko hitzorduez gain, hainbat ekintza egiten dira ikasturtean zehar guztien arteko harremanak sendotzeko. Horietako bat izan ohi da ikasturte hasierako afaria.
Horrela izanda, Arrieskalletan elkartu ziren ostegunean lagun artean, gogotsu ikasturte berriari ekiteko. Bertan izan ziren Ttakuneko lehendakari, kudeatzaile eta koordinatzailea, herriko elkartea da eta, egitasmo honen kudeatzailea.
Menu berezia
Euskararen 9. Maratoian eta 40 egunetako erronkan oinarritutako, ganba eta porruz beteriko armairu itxurako hojaldrea izan zuten lehenik menuan. Bigarren plater bezala, mingaina eta belarriak saltsan izan zituzten mahai kideek.
Eta amaitzeko sukaldariek pastel dastaketa prestatu zuten.
Solaskide
Solaskide taldeak dagoeneko martxan dira.
Buelta bat ematen, kirola eginez edo kafe baten inguruan euskaldun zahar eta berriak euskaraz mintzatzen dira.
Egun 23 talde daude, batzuk binaka, besteak hirunaka edota taldeka ere biltzen dira.
Naiara Mugika Solaskide programaren koordina-tzailearen hitzetan, “oraindik ez daude talde guztiak itxita eta azken asteetan izena ematera gerturatzen ari diren herritar kopurua ikusita, laguntza ere eskatu behar dugu”.
Eskaldun berrien eskaerari erantzun egokia eman ahal izateko, euskaldun zaharrak behar direla adierazi du Mugikak. “Euskaraz mintzatu eta praktikatzeko aukera ematen duten lagunarteak dira, astean behin, ordu betez, solasaldi atsegin eta aberasgarri bat mantetzeko”.
Programaren parte izan nahi duten herritarrek aste honetan dute izena emateko aukera. Hala ere, ikasturte osoan zehar aukera dago ere bat egiteko “jendea taldeetan txertatzen joaten da eskariaren arabera euskaldun berriek aukera gal ez dezaten”.