'Bi zaldi' Ttakunen hogeitabosgarren urteurrena ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 21a, 10:00

Azaroaren 16an, hogeita bost urte bete zituen Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteak eta mende laurdena ospatzeko asmoz, zenbait ekintza antolatu ditu elkarteak.

Azaroaren 16an, hogeita bost urte bete zituen Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteak eta mende laurdena ospatzeko asmoz, zenbait ekintza antolatu ditu elkarteak.

Horien artean, 'Bi Zaldi' musika taldearen kontzertua izan zen larunbat iluntzean herriko Jalgi tabernan. 20:00etareko egin zuten hitzordua tabernan eta minutu gutxi pasata hasi zen musika emanaldia ere. Beñat Antxustegi gitarra jotzaileak eta Gartxot Unsain abeslariak osatutako bikoteak, euskaraz abesturiko bertsioak eskaini zizkieten bertaratutakoei. Horien guztien artean, 'Mendiatzean', 'Onartzen dut', 'Soja', 'Krambrerries' eta 'Boxeuan' abestiak kantatu zituzten. Baina bertsio horiez gain, bikoteak berak sortutako zenbait abesti ere entzun ahal izan ziren; 'Oroimin', 'Etorkizu' eta gurasoei eskainitako 'Ama/Aita' abestiak.

Jende ugari bildu zen Jalgin kontzertuaz gozatzeko asmoz eta izan ziren txaloz laguntzera, abestera zein dantzatzera animatu ziren ikusleak ere. Ttakunek urteurrenaren harira argazki-erakusketa jarri du Jalgin, eta aste osoan zehar izango da oraindik ere ikusgai.